Batetik, ibilgailu batek istripua eduki du Ap-8 autobidean, 07:30ak aldera,, Elgoibar parean. Ibilgailu bakar batek izandako istripua izan dela zehaztu du Segurtasun Sailak. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, ibilgailua ezkerreko erreian geratu da gurutzatuta. Pertsona bat zauritu da istripuan, eta Mendaroko Ospitalera eraman dute. Autobideko 68. kilometroan izan da istripua, Donostiako noranzkoan. Istripuaren ondorioz, errei bat itxita egon da eta 2,5 kilometroko ilarak sortu dira.
Bestetik, bi autok istripua izan dute Azkarateko mendatean, GI-2634 errepidean. Elgoibarren izan da istripua, Azkoitirako noranzkoan. Auto batek beste bat jo du atzetik 08:00ak inguruan. Bi pertsona zauritu dira, eta Mendaroko ospitalera eraman dituzte. Kasu honetan ere auto pilaketak sortu dira, eta Azkarateko errepide zaharra erabiltzen ari dira gidari asko.