Kanpezu-Ioar Mendi Maratoi Erdiarekin batera egin du aurten bere urteko txapelketa Euskal Mendi Federazioak (EMF). Hala, Kodeseko mendilerroan lehiatu ziren kategoria desberdinetako mendi lasterkariak. 26,5 eta 13,5 kilometroko lasterketak jokatzen dituzte Kanpezuko proban, eta motzenean banatu zituzten jubenilen eta juniorren dominak txapelketaren barruan. Jubenil gizonezkoen mailan, Eneko Etxaniz Iruretak (Morkaiko M.E.) eskuratu zuen urrezko domina, eta Julen Dobarrok (Morkaiko M.E.) sailkatu zen hirugarren postuan. Peio Ziarsolo errezildarrarentzat izan zen bigarren postua.
Morkaiko Mendizale Elkartea ordezkatu zuen Martin Egizabal elgetarrak ere lortu zuen podiumera igotea, junior mailan. Egizabal bigarren postuan sailkatu zen, Urrestillako antxitxikari Ibai Anguloren atzetik.
Kategoria absolutuetako emaitzei dagokionez, Ainara Urrutia gailendu zen emakumezkoetan eta Ander Iñarra gizonezkoetan.
Atzetik aurrerako lasterketa
Pozik da Eneko Etxaniz Kanpezun jantzitako Euskal Herriko txapelarekin. Honakoa EMFk antolatutako txapelketan parte hartzen duen hirugarren urtea duela azaldu du, eta azken hilabeteetan Lander Azpiazu entrenatzailearekin egin duen lanari eman dio balioa, egindako lanak saria izan duela-eta. Atzetik aurrerako lasterketa egitea erabaki zuen Etxanizek, jokatu dituen azken lasterketetan eginiko akatsak gogoan, errepika ez zitezen. Lehen kilometroetan burua hotz mantentzea lortu zuela dio eta lehen jaitsieran jo zuen erasoa. Postu ugari aurreratu zituen eta bere kategoriako aurrenekoa izan zen helmuga gurutzatzen. Urdaileko gorabeherarik gabe bukatu duen lehen lasterketa izan dela ere nabarmendu du, eta pozik da elikaduraren gaia pentsatuta zuten moduan gauzatu dutelako, eta emaitza ona izan delako. Gertukoei eta babesa eman diotenei eskerrak eman dizkie Etxanizek, eta lasterketako antolatzaileak ere txalotu ditu egindako lan onagatik.