Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolariaren jaiotzaren 150. urtemugako ekitaldien barruan eta bertsolaritza eta bertso jarrien idazketa sustatzeko helburuarekin, Txirristaka Saria bertsopaper lehiaketa antolatu dute In Leike kultur elkarteak, Mendaroko Udalak eta herritar talde batek elkarlanean, eta maiatzaren 31n bukatuko da lehiaketarako lanak aurkezteko epea.
A, B eta C kategoriak bereiztu dituzte eta kategoria guztietarako gaia Alkate izan nahi dut izango da, Txirristakaren bertso sorta ezagunenetako bati erreferentzia eginez.
- A kategoria 2010ean edo ondoren jaiotakoentzat izango da, eta Debabarrenekoek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Gutxienez bi bertso eta gehienez lau osatu beharko dituzte.
- B kategorian, berriz, 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoek parte hartu ahal izango dute, eta gutxienez lau bertso eta gehienez zortzi sortu beharko dituzte.
- C kategorian, azkenik, 2005ean eta lehenago jaiotakoek parte hartuko dute eta 8-12 bertso osatu beharko dituzte.
B eta C sailetan Euskal Herri osoko bertsozaleek parte hartu ahal izango dute.
Lanak aurkezteko bi modu daude: posta arruntez, Mendaroko udaletxera bidalita: (Mendaroko Udala. Herriko Enparantza, 1. 20850) edo Udalaren webgunean eskegi duten formularioa beteta.