Aurresku Txapelketan parte hartu duten bederatzi dantzarik erakustaldia egin dute gaur arratsaldean Kalegoen plazan. Urte osoan txapelketetarako prestatzen eginiko lana jendaurrean erakusteko helburuarekin antolatzen dute ekitaldi hau, eta eguraldiak lagun, jendez bete da Kalegoen plaza.
Jon Lizarraldek azaldu duenez 25 urte bete dira aurten Elgoibarko dantzariak txapelketetan parte hartzen hasi zirenetik, eta urte hauetan guztietan bidelagun izan dituen guztiei eskerrak eman dizkie: Dantzariei beraiei, txistulariei, musika eskolako arduradunei, Haritz dantza taldekoei eta bereziki beti ondoan izaten dituen Arantza Aginako, Rafa eta Ierari.
Ekitaldiaren amaieran, espero ez zuten sorpresa jaso dute Jon Lizarraldek eta Arantza Aginakok, eta urte hauetan zehar txapelketetan parte hartu duten dantzariek Agurra dantzatu diete.