Argazki rallya antolatu du C.D. Elgoibarrek zapaturako

Barren 2024ko mai. 7a, 15:08

Mintxetan futbolaren inguruan sortzen den giroa, "futbolaren mundua", argazkietan jaso nahi du C.D. Elgoibarrek, eta horretarako argazki rallya antolatu dute estreinakoz, Ongarriren eta Txankakuaren laguntzarekin.

Parte hartu nahi dutenek Mintxeta barruan egin beharko dituzte argazki guztiak zapatuan, maiatzaren 11n, 10:30etik aurrera. Futbolarekin zerikusia duten era guztietako argazkiak atera ahal izango dituzte, Mintxetan egun horretan jokatuko dituzten partidetakoak, harmailetako giroa, futbol zelaiaren inguruko detaileak, e.a.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, argazki kamerarekin atera beharko dira argazkiak eta ez dituzte sakelako telefonoekin ateratakoak onartuko. Bakoitzak bost argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara eta argazkiak editatzeko aukera ere izango dute, gero domekan entregatzeko argazkiak. Interesatuek 9:00etatik 10:00etara bitartean egin beharko dute izen-ematea Mintxetan.

Sariak

Irabazleak Txankakua elkarteko komertzioetan gastatzeko 180 euroko saria jasoko du eta 100 euroko erosketa bonoa izango da bigarrenarentzako saria. Lau saritu izango ditu hirugarren sariak, bakoitza 30 eurokoa. Azkenik, publikoaren argazki gogokoenak 100 euroko saria jasoko du. Lehiaketara aurkeztutako argazkiak sarean jarriko dituzte ikusgai, eta jendaurreko erakusketa bat egiteko aukera aztertzen ari dira.

C.D. Elgoibarko estreinako argazki rallyko araudia osorik beheko kartelean ageri den QR kodea eskaneatuta kontsulta daiteke.