C.D. Elgoibarko presidente Txus Alzagak azaldu duenez, bere lankide bergarar baten bidez sortu zitzaien elkartasun ekimen honetan parte hartzeko aukera. "Senegalera oporretan joan izan da nire lankidea Bergarako Ndank Ndank elkartekoekin, eta bere bitartez jarri ginen hartu-emanetan beraiekin eta Bergarako Kirol Elkartekoekin. Azken horiek lehenago ere bidali izan dute kirol arropa Senegalera eta oraingoan guk ere bat egin dugu ekimenarekin", azaldu du.
Denboraldi hasieran kirol arropa berritu zuen Elgoibarko taldeak, eta marka berri bateko arropak erosi zituzten. Hala, oraindik egoera onean zegoen kirol arropa mordoz beteta zuten arropategia. "Ndank Ndank elkarteko presidente Mamadourekin berba egin nuen eta arropa guzti hori geneukala aipatu nionean eurei ezin hobeto zetorkiela esan zidan, kirol arropa bilketak egin ohi dituztelako noizean behin. Gure zazpi bat taldek erabilitako kirol arropa eman genien". Azaroan eman zizkieten arropak baina Senegalera bidali beharreko edukiontzia beteta bidali behar zuten eta hala izan denean egin zuten bidalketa, orain gutxi. "Oraintsu bidali dizkidate senegaldarrak gure arropak jantzita dituztela ageri diren argazkiak, helburura ailegatu direla jakin dezagun", esan du Alzagak.
Senegaldar eta euskaldunez osatutako irabazi asmorik gabeko elkarte bat da Ndank Ndank (pausoz pauso edo poliki poliki esan nahi du Senegaleko wolof hizkuntzan). Bi komunitateen arteko elkarrekintza eta komunikazioa bultzatzeko sortu zuten elkartea 2011n, kulturartekotasun balioa goraipatuz, euren berbetan. Elkarrekin lankidetzan Senegalgo Dionewar herrian proiektu desberdinak aurrera eramaten dituzte, eta horietako bat da hara bidaltzeko arropa bilketa kanpainak egitea.