Elgoibarren amaituko den Itzuliko etaparen xehetasunak aurkeztu dituzte

Barren 2024ko mai. 2a, 15:09

Pedro Migel Urruzuno kalean amaituko da Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliko estreinako etapa (Gasteiz - Elgoibar, 140 km.), datorren maiatzaren 10ean, barikuan. Etaparen eta honen harira antolatu dituzten ekitaldiak azaltzeko agerraldia egin dute antolatzaileek.

Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 13:15etik 13:42ra bitartean ailegatuko dira txirrindulariak Elgoibarrera. Etapa amaituko den egunerako askotariko ekitaldiak antolatu dituzte hainbat eragilek elkarlanean (beherago duzue egitaraua). 


Munduko txirrindulari onenak

Martitzenean aurkeztu zituzten xehetasun guztiak Alaitz Biritxinaga Itzulia lasterketako zuzendariak eta Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak, udaletxean egin zuten agerraldian. Biritxinagak esan zuen oso pozik daudela Elgoibar Itzulia proiektuaren parte bihurtu izanarekin. "Lasterketa gaztea da, baina asko eta arin hazten ari da. Azken urteetan ikusi dugun moduan, munduko txirrindularirik onenak etorriko dira, eta irabaztera datoz. Horrek bihurtzen du Itzulia Women nazioarteko egutegiko erreferente". Edizio honetako etaparik luzeena eta desnibel metatu handiena izango duena izango da lehendabizikoa, Gasteiz eta Elgoibar artean jokatuko dutena, 140 kilometroko ibilbidean. Irabazleak gainera sari bikoitza edukiko du, liderarren mallot horia jantziko baitu Kalebarren plazan egingo duten sari banaketa ekitaldian.

Nazioarteko tropeleko txirrindulari onenak lehiatuko dira Itzuliaren hirugarren ekitaldian. Iazko edizioa irabazi zuen Marlen Reusser (Team SD Worx – Protime) suitzarrak aurten ere parte hartuko duela aurreikusten dute antolatzaileek, eta horri beste izen batzuk ere gehitu behar zaizkio:  Demi Vollering (Team SD Worx – Protime), Katarzyna Niewiadoma eta Elise Chabbey (Canyon// SRAM Racing), Evita Muzic eta Marta Cavalli (FDJ – SUEZ), Amanda Spratt (Lidl-Trek), Ella Wyllie eta Mavi García (Liv-Alula-Jayco), Ane Santesteban (Laboral Kutxa – Euskadi Fundazioa) eta Olivia Baril (Movistar Team), besteak beste. 

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak esan zuen harro eta pozik hartuko dutela Itzuliko etapa, eta genero-berdintasunarekin eta kirolaren bidezko ahalduntzearekin duten "konpromiso irmoa" islatzen duela etapa bukaera izateko egin duten ahaleginak. Honela azaldu zuen: "Ekitaldi honek argi erakusten du nola tokiko politikatik aldaketa handiak sustatu ditzakegun eta emakumeek arlo guztietan duten rola nabarmendu, lehia handiko kirola barne. Pozik gaude plataforma bat eskaintzeaz, non kirol espiritua eta txirrindularitzarekiko grinak Elgoibarren aztarna ezabaezina utziko duen ospakizun batean batuko diren. Harro gaude mugimendu horren parte izateaz eta gure hiria gizarte inklusiboago eta bidezkoago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko diguten balioak sustatzeko agertoki gisa izateaz". Herritar guztiak gonbidatu ditu txirrindulariak animatzera eta herriko eragile eta elkarteekin batera antolatu dituzten jarduera guztietan parte hartzera.

ITZULIA WOMEN 24
Maiatzak 10, barikua

  • 09:30 Elgoibar Sasoian. Kalegoen plazan. Saio irekia izango da.
  • 10:30 Dantza urbanoak. Saio irekia, Lekuederren. Ordu berean, umeentzako herri-kirolak eta jolasak egongo dira.
  • 12:00 - 13:00 / 14:30 - 15:30 Haur eta nerabeentzako jantokia. Maalako parkean.
  • 13:00 Itzulia Women 2024 lasterketako lehen etaparen amaiera. Pedro Migel Urruzuno kalean.
    Jarraian, sari banaketa. Kalebarren plazan.
  • 15:00 Looping bike 360º eta mountain bike simulazioa. Maalako parkean.
  • 19:00 Euskal dantza erakustaldia, Kalegoen plazan.
  • Jarraian, Patxangoi elektrotxaranga. Kalegoen plazan hasita.
  • 22:00 Mugi Panderoa taldearekin erromeria. Maalako parkean.
  • 24:00 DJ Latxirongak. Maalako parkean.