Hala ere, eta gure egungo errealitatea ulertzeko ezinbestekoak badira ere, karlistaldien fenomeno historikoari buruz ez da askorik ikertu azken hogeita hamar bat urte arte, eta hain justu ere, horrexegatik antolatu dute Illunberri Achademiak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak Karlistaldiak: XIX. mendeko gerra zibilak… eta gehiago izeneko hitzaldi-zikloa, Elgoibarko Udalaren babesarekin.
Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedradun eta Historia Garaikidean adituak emango duen Karlisten oldarraldia eta ondoko gerra (1833-1839) izenburuko hitzaldiarekin hasiko dute zikloa, maiatzaren 2an (eguena). Oldarraldiaren aurrekariak ezagutzera eman eta 1833ko erasoaz, porrotaz eta Oñati-Bergarako bake ituna izenpetu artekoan Euskal Herrian izan zen gerra giroaz arituko da Agirreazkuenaga. Maiatzaren 8rako (eguaztena) lotu dute zikloko bigarren hitzaldia eta Bigarren karlistaldia (1872-1876): Foru sistemaren azken urteak jarri diote izenburutzat. Mikel Alberdi historialari eta Zumalakarregi Artxibo Museoko arduradunak emango du, eta 1868ko iraultzaren ondorioz Isabel II.a tronutik bota zutenean karlistek boterera iristeko ikusi zuten aukeraz arituko da. Era berean, lehenengo karlistaldiarekiko antzekotasun eta desberdintasunak ere aztertuko ditu eta foraltasunaren amaiera deskribatu.
Irailerako utzi dute azkeneko hitzaldia. Xabier Zabaltza historialari eta saiakera egileak emango du, irailaren 26an (osteguna) eta Agosti Xaho: Lehen karlistaldiaren kontaketa izango du izenburutzat. Zabaltzak Agosti Xaho idazle zuberoarraren bizitza eta ideologia aztertuko ditu, Euskal Herriaz eta karlismoaz zuen iritzian azpimarra jarrita. Era berean, Zumalakarregiz eraiki den irudian izan zuen eraginean ere jarriko du arreta.