Elgoibarren amaituko da Itzulia Women probako lehen etapa

Barren 2024ko api. 23a, 14:04

Iaz Elgoibartik igaro zen Itzulia Women lasterketa; aurten lehenengo etaparen helmuga izango da. Arg: BARREN

Maiatzaren 10etik 12ra bitartean jokatuko dute 2024ko Itzulia Women txirrindulari lasterketa, eta Elgoibarren amaituko da lehen etapa.

Gaur aurkeztu dituzte 2024ko Itzulia Womeneko hiru etapak. Hiru egun horietan, bederatzi mendate puntuagarri igoko dituzte nazioarteko txirrindulari onenetarikoek, tartean, azken etapan, 1. mailako Jaizkibel. Hona aurtengo hiru etapak:

  1. Maiatzak 10   Gasteiz / Elgoibar   140 km.
  2. Maiatzak 11   Basauri / Basauri   104 km.
  3. Maiatzak 12   Donostia / Donostia   114 km.

Gasteiztik abiatuko da Itzulia Women lasterketaren hirugarren ekitaldia, maiatzaren 10ean, eta Elgoibarren izango du helmuga estreinako etapak, Pedro Migel Urruzuno kalean, hain zuzen ere. Helmuga bakarrik ez, etaparen erdialdera ere Elgoibartik igaroko baitira txirrindulariak, Azkarateko mendatea igo aurretik. Edizio honetako etaparik luzeena -140 kilometro- eta desnibel metatu handiena izango duen etapa ere izango da aurrenekoa. Mendate puntuagarriak hiru baino ez dira izango, baina igoera eta jaitsiera ugari izango ditu. Antolatzaileen ustetan, egun aproposa izango da Olaetako mendatean bertan edo horren aurretik tropela zatitu eta ihesaldiak gertatzeko. Azken kilometroek etengabe egingo dute gora sasiordeka jarraitu batean, harik eta Elgoibarren helmugara iritsi arte. (Lehen etaparen xehetasun guztiak beherago)

Demi Vollering herbeheretarrak irabazi zuen Itzulia Women probaren estreinako edizioa, 2022an, eta Marlen Reusser suitzarrak 2023an; biak ala biak SD Worx taldean dabiltzan txirrindulariak. 


1. etapa: Gasteiz-Elgoibar (140 kilometro)
 Arabako hiriburutik irtengo da lehenengo etapa, 9:48an; ordu horretan benetako irteera izango da, eta 9:31n, hamazazpi minutu lehenago, Mendizabalan, irteera neutralizatua (5,9 kilometro egingo dituzte txirrindulariek neutralizatutako zati horretan). Legution barrena 25,7. kilometroan izanda, lasterketa Olaetara iritsiko da. 3. mailakoa da mendate hori, aurtengo Itzuliaren lehena, eta pankarta 37,7. kilometroan du. Itzuliaren lehenengo igoera puntuagarriren ostean, parte-hartzaileak Gipuzkoan sartuko dira, eta Bergaran, Soraluzen eta Elgoibarren izango da Itzulia jarraian; Elgoibarren bertan jokatuko dute, 81,8. kilometroan, ekitaldi honetako lehenengo esprint berezia. Handik oso gutxira, 2. mailako Azkarate mendatea igoko dute. 88,5. kilometroan harrapatuko dute gaina, eta, gerora, proba Azpeitira helduko da. 120,8. kilometroan da Itziar; 3. mailako mendate hori Itzuliaren lehenengo etapako azkena izango da, eta hura gaindituta hogei kilometro izango dira helmugarako. Hori bai, etapa bukatu baino lehen, eguneko bigarren esprint berezia jokatuko dute, Deban. Hori eginda, hamalau kilometroren buruan, jakingo dugu, Elgoibarren, nor den aurtengo ekitaldiko lehenengo garailea; horrek, gainera, maillot horia jantziko du. Itzuliaren aurreneko jardunaldiak 140 kilometro izango ditu, eta Elgoibarren amaituko da, 13:18tik 13:42ra bitartean. Kalebarren plazan egingo dute sari banaketa ekitaldia.