Euskaratik urrun eta euskaratik gertu bizi diren familien elkarbizitzarako gune izateko sortu zuten Auzoko Familiak egitasmoa. Familien arteko harrera egitea da egitasmoaren helburuetariko bat eta euskara eta aniztasuna oinarri hartuta, berez sortzen ez diren bizikidetzarako espazioak ahalbidetzea. Asmo horretan antolatu zuten Mausitxa baserria barrutik ezagutzeko irteera. Ez ziren familia gehiegi animatu, baina gainerako herritarrei ere irekia zegoen irteera zenez, lortu zuten autobusa betetzea.
Baserria eta gaztandegia erakutsi zizkieten Mausitxakoek. "Gazta egiteko prozesua, hasi eta buka, azaldu ziguten eta egin genizkien galdera guztiak ere erantzun zizkiguten. Interesgarria bezain probetxuzkoa izan zen goiza", esan dute irteerako antolatzaileek. Gazta dastaketarekin amaitu zuten bisita eta bazkalordurako jaitsi ziren herrigunera.