Elgoibarko Udaleko Berdintasun sailak eta Inazio Bereziartua eskolak antolatu zuten Olatz Salvador Zaldua musikari donostiarrak gidatu zuen trebatze saioa. Salvadorrek egungo euskal musika eszenari buruzko analisi kritikoa egiten du 'Musika eta ahalduntzea' izeneko saio honetan, genero ikuspegia ardatz hartuta.
Salvador, besteak beste, Skakeitan taldeko kidea da eta Zintzilik bere estudioko lehen lana kaleratu zuen bakarlari moduan 2018an. Musikari ibilbideaaz gainera, ikerketak egin izan ditu beste emakume musikari batzuekin batera, eta atera izan duen ondorio bat nabarmentzen du: "Agertokira heltzeko orduan, emakumeok gizonezkoek ez dituzten hainbat beldur, segurtasunik eza eta epai bizi izaten ditugu, eta ikusi genuen beharrezkoa zela zubi-lana egitea; horregatik sortu zen tailerra, hein batean. Esaterako, musika eskola baten instrumentua jotzen ikasi duen emakume batek zuzeneko bat ematera arteko prozesuan frogatuta dago hainbat emakume bide horretan erori egiten direla. Ikastaro honetan lantzen dugun gaietako bat da espazio publiko bat okupatzeko orduan emakumeok bizi izaten ditugun zailtasunak zeintzuk izaten diren, eta egoera horri buelta emateko gako batzuk ematen saiatzen gara".
Lilan egin zuten saiora musika instrumentuak ere eraman zituzten partaideek, koru gazteko kideek eta Kitziki taldekoek, eta elkarrekin abestu eta esperimentazio lanetan aritzeko aukera izan zuten, antolatzaileek azaldu dutenez. Kitziki taldekoek gainera, ikasitakoa praktikan jarri eta eszenatokira ahaldunduago irteteko aukera izan zuten iluntzean, EME egunaren barruan kontzertua eman baitzuten Maalan.