Hainbat ekitaldi antolatu ditu Elgoibarko Udal Liburutegiak, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira

Barren 2024ko api. 22a, 16:41
Lur Kortak Ipuinekin jolasean saioa emango du Elgoibarren.

Apirilaren 23a, martitzena, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, hainbat ekitaldi antolatu ditu Gotzon Garate udal liburutegiak aste osorako. 

Martitzenean bertan Lur Korta (Oiartzun, 1978) ipuin kontalariaren saioa izango da. Ipuinekin jolasean saioa emango du Kortak. 17:00etan LH 1ekoentzat, eta segidan, LH2 eta LH3koentzat. Kortak betidanik istorioak kontatu, antzeztu eta bizitzeko grina izan du, eta horrek aktore, ipuin kontalari eta antzerki irakaslea izatera eraman du. Dioenez, “Ipuinez gozatzen dugun bitartean ipuinetako pertsonaiekin jolastu eta barre egiteko aukera izango dugu”.
Egun berean, irakurketa errazeko materialaren erakusketa egingo dute liburutegian, eta 19:00etan Olaia Irigoienen Inesa Gaxen liburuaren irakurketa ozena. 
Hilaren 24an, bestalde, Epeletan literatur saioa egingo dute, eta 1362km euri liburua landuko dute. Hilaren 30ean, berriz, Peio Añorgaren Gerlari handia liburuaz arituko dira gazteentzako irakurketa klubean.