Uxue Alberdi Estibaritzek (Elgoibar, 1984) idatzi zuen Surflaria libururako gidoia, eta Susanna Martín Segarra (Bartzelona, 1976) komikilari eta ilustratzaile kataluniarrak eraman zuen irudietara kontakizuna.
Bizitzaren eta heriotzaren urek bat egiten duten istorioa da Surflaria. Amaiak, komikiko protagonista nagusietako batek, jasoko duen telefono dei batekin hasten da istorioa. Dei horretan esango diote hamar urte igaro ostean hiltzat jo dutela Eki, itsasoan desagertu zitzaion laguna.
Liburuaren nondik norakoen berri eman ostean, euskal komikigintzari buruzko eztabaidan hartu zuten parte Alberdik eta Martinek, Dani Fano komiki-marrazkilaria eta Xabiroi aldizkariko zuzendari eta editorearekin batera.