2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAJk irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Elgoibarren

Barren 2024ko api. 21a, 21:33

EAJk irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Elgoibarren,  EH Bilduk baino hamahiru boto gehiagorekin. EAJk 2.162 boto eskuratu ditu, eta EH Bildu izan da bigarren alderdi bozkatuena, 2.149 botorekin. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuz, hala ere, EH Bildu izan da bototan gorakada handiena izan duena Elgoibarren. Jaitsiera handiena, ostera, Podemosek izan du, 156 boto gutxiago eskuratu baititu gaur, duela lau urteko bozekin alderatuta.

2020ko hauteskundeetako emaitzei erreparatuz gero,  Elgoibarren historikoki hiru alderdi bozkatuenak izan direnek gora egin dute bototan, baina igoera handiena EH Bilduk izan du. 2020ko hauteskundeetan baino 418 boto gehiago eskuratu ditu gaur. Hala ere, eta aldeak nabarmen murriztu badira ere, jeltzaleek jarraitzen dute garaile izaten Elgoibarren. Hirugarren alderdi bozkatuena alderdi sozialista izan da, 626 botorekin, duela lau urtekoetan baino 79 boto gehiago bilduta.

Parte-hartze zortzi puntu altuagoa izan da, %64,24koa, eta nabarmena izan da Elgoibarren EH Bilduren gorakada. Joan zen maiatzean egin ziren Udal Hauteskundeetan baino ia ehun boto gehiago ere eskuratu dituzte. Kontrakoa gertatu zaio EAJri, aldea hain nabarmena izan ez den arren. Udal Hauteskundeetan baino 105 boto gutxiago bildu ditu EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. 

ELGOIBAR grafikoa EAE

ELGOIBAR Emaitzen taula EAE