Aurreko edizioetan bezala, bazkaria eta kontzertuak iragarri dituzte antolatzaileek, baina berrikuntzak egongo dira. Eguerdi partean hasiko da festa, eta goizaldera arte luzatuko da.
Elgoibarko musika taldeei laguntzeko eta haien lana sustatzeko sortu zuten Elgoibarko Musikarien Elkartea 2018an, eta besteak beste, Elgoibarko musika taldeek oholtzara irteteko aukera izaten dute EME Egunean. Musika zaleen agendan bere lekua egitea lortu du EME Egunak. Aurtengoa izango da ekitaldiaren hirugarren edizioa, eta berrikuntzekin dator.
Bikustik, tabernaz taberna
Bikustik bikotearen kontzertu berezi batekin hasiko da aurtengo EME eguna, 13:00etan. Oraingoan, ekitaldia babestu duten tabernetan ibiliko dira Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaleta. Tantakan hasiko dute saioa eta Derry talbernaren aurrean ere geldialdia egingo dute, bai eta Maalan ere.
15:00ak aldera bazkaria egingo dute, eta aurten EMEko bazkideei ez ezik, herritarrei ere eman diete bazkarian parte hartzeko aukera. Guztira 65 lagun bilduko dira Maalako parkean bazkaritarako. Horren ostean, 17:30 aldera hasiko dira Elgoibarko taldeen kontzertuak, eta talde bakoitzak 40 bat minutuko emanaldia emango du. Kontzertu guztien ostean, emekideen bertsio festarekin emango diote azkena ospakizunari.
Hona hirugsarren EME egunean parte hartuko duten taldeak eta emanaldien orduak:
Bikustik (13:00, kalean zehar)
Jon Gurrutxagak eta Patxi Zabaletak 2008ko maiatzeansortu zuten proiektua da. Rockaren klasikoak eta gaur egungo beste hainbat kantu modu akustikoan moldatzen ditu bikote honek. Beatles, Queen, Janis Joplin, Led Zeppelin eta Creedence Clearwater Revival moduko taldeen kantuak bertsionatzen dituzte.
Gabi eta Alfon (17:30)
Koska euskal rockaren talde aitzindariaren bi konpositoreek, Gabi Agirregomezkortak eta Alfonso Guillok, osatzen dute biko hau eta apenas behar duten aurkezpenik inguruotan. Ahotsa eta gitarra akustikoa jartzen ditu Alfonsok eta gitarra elektrikoarekin osatzen ditu abestiak Gabik. Rock vintagea egiten dute. Chuck Berryren rock’n roll batzuk, The Beatles nahiz Credence Clearwater Revivalen abestiak, Straycatsen rockabillyren bat, Koska taldeak ezagun egin zituen kantuak... joko dituzte.
Xut (18:10)
Oscar Gonzalezek (baxua eta ahotsa), Jokin Zubillagak (bateria eta ahotsa) eta Expresión Sonora eta Koska rock talde aitzindarien sortzaile den Gabi Agirregomezkortak (gitarra eta ahotsa) osatzen dute. Rock eta blues klasikoaren abesti ezagunak jotzen dituzte, besteak beste Fletwood Mac, Bad Company, Joe Cocker eta Dire Straitsenak.
Unnamed (18:50)
Iñigo Araujok eta Gorka Camposek osatzen dute Unnamed bikotea. Gitarra jotzen dute biek, eta talde ezagunen abestien bertsioak jotzen dituzte, pop-rock alternatibo estiloan. Urtarrilean hasi ziren entseatzen, eta konturatu orduko etorri zaie jendaurrean debuta egiteko aukera. Araujo Arima Beltza taldeko baxu jolea izan zen, eta Campus berriz, estreinakoz igoko da bihar oholtzara.
Txoteko Ezpata (19:30)
Asier Etxaniz, Mikel Cornejo, Rafa Furnier eta Josu Iriondok osatzen dute Txoteko Ezpata taldea. Urteak daramatzate elkarrekin jotzen, eta Pedro Mugurutzako lokalak egin zituztenean berriz hasi ziren entseatzen. Euskaraz abesten dute, pop-rock estiloan, baina euren ukitu propioarekin. Abesti propioak dituzte, eta horiez gain, abesti ezagun baten bertsio bat ere joko dute bihar.
DJ Agote (20:10)
Ibai Agote dago DJ Agoteren atzean. Musika maite duen 19 urteko gazte elgoibartarra da. Iban Urizar Amorante izan zuen irakasle DBHn eta haren klase baten piztu zitzaion musikarako interesa. Eguberrietako opari modura gurasoei mahai txiki bat eskatu zien, eta hardcore musika jartzen hasi zen. Gerora, technoa ere deskubritu zuen, eta orain Acid musikarekin tartekatzen du. Txalintxo, Salitre, Venecia edota Non bezalako aretoetan jo du aurten.
Kitziki (20:50)
Elgoibarko, Azkoitiko eta Bergarako zazpi gaztek osatzen dute oraintsu sortu duten Kitziki musika taldea: Maialen Arriola, Maddi Arrieta, Nahia Carrillo, Olatz Makazaga eta Alaitz Landa elgoibartarrek, eta Enara Mujika (Bergara) eta Itxaso Alberdik (Azkoitia). Erromeria estiloan, talde ezagunen abestiak jotzen dituzte. Plazak dantzan jartzea da beraien helburua, beraiek gozatuz ikusleei ere gozaraziz.
Jeizy's Tyros (21:30)
2022an sortu zuten Jeizy's Tyros. Punkrock musika estiloa jotzen dute, eta euskal taldeen kanten bertsioak egiten dituzte. Besteak beste, RIP, Rotten XIII edota La Polla taldeenak. Iñigo Arrese (ahotsa eta gitarra), Danel Legorburu (ahotsa eta bateria), Joseba Astigarraga (baxua eta Aitor Asenjo (gitarra) dira taldekideak.
Mutilated Soul (22:15)
Mutilated Soul taldea 1997an sortu zuten zan Hellgoibarko fundizioko lokaletan. Death Metal kutsuko doinu gogorrak egiteagatik egin ziren ezagun, eta hainbat herritan aurkeztu zituzten beraien kantak. 1999ko urtarrilean Masakrea EPa grabatu zuten hiru egunetan Mr. Jam estudioan, baina, EPa argitaratu baino lehen desegin zen taldea. Hauek ziren taldekideak: Joseba Azkue (ahots nagusia) Joseba Eugi (bateria), Iker Diego (gitarra eta koruak), Patxi Zabaleta (gitarra eta koruak), Urko Rosario (baxua). Biharko kontzertuan Urko Rosarioren ordez Josu Garciak joko du.