Ainara Urkidiren biolin doinuekin hasi zuten ekitaldia, eta Eneritz Azkuek kantuan jarri zituen ezker abertzaleko kideak. Segidan, Maddalen Iriarte, EH Bilduko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Oskar Matute Madrilgo Kongresuko diputatuak hartu zuten hitza. Bi ordezkari politikoek egungo testuinguru politikoaren garrantzia nabarmendu zuten, eta ezkerretik eginiko politiken eta aldaketen beharra dagoela aldarrikatu zuten, horiek eskatzen dituzten herritarrak gero eta gehiago direla-eta. "Aldaketaren ordua da, eta aldaketa hori EH Bilduren eskutik etorriko da", esan zuen Iriartek.
EH Bilduren hauteskunde programaren erronka eta ildo batzuk ere laburbildu zituzten koalizioko ordezkariek, hala nola aberastasunaren birbanaketa eta herritarren ongizatea bermatzearen beharra eta oinarrizko zerbitzuen publifikazioa. Trantsizio ekosoziala, etxebizitza edo Osakidetzari buruz ere aritu ziren, azken urteotan herri plataformek egindako lana ere balioan jarriz.