Toletxe kaleko 25-27 zenbakiak eta Meliton zubi bitarteko zatia asfaltatuko dute, 2.024 metro koadro guztira. Asfaltatze lanok 38.170,56 euroko kostua (BEZ gabe) izango dutela jakitera eman du Elgoibarko Udalak. Hiru zatitan egingo dituzte lanak: kalea fresatuko dute eguaztenean, asfaltoa bita eguenean eta pintaketa lanak barikuan.
Lana direla-eta, Txarridunako biribilgunetik Meliton zubirainoko zirkulazioa etenda egongo da bi egunetan, eguaztenean (hilak 17) eta eguenean (hilak 18). Gainera, bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien eragitearren, Uparitzaga kaleko 8. zenbakitik Toletxe kaleko 25. zenbakiraino eskuinaldean aparkatuta dauden ibilgailuak kentzeko eskatu du Udalak, kalea noranzko bikoitzekoa bihurtuz aldi baterako. Gidariei eta oinezkoei ibilbide alternatiboak planifikatzea gomendatu die Udalak.
Errosario kalea trafikoarentzat itxita
Era berean, Errosario kalea ere trafikoarentzat itxita egongo da aste honetan, Errosario kaleko 4. eta 34. atarietan ur-hornidurako eta saneamenduko hartuneak instalatzeko beharrezkoak diren obrak direla-eta. Egunero egongo da itxita trafikoarentzat, 08:30etik 17:30era.