Herriko ikastetxeetako ikasleek astean ordubetez landu ohi dute ahozkotasuna, Eneko Beretxinaga irakaslearen eskutik, horretarako tresna edo bitartekoa bertsogintza izanik. Programa horren baitan, Teilatupean bertso antzerkia ikusi zuten Elgoibarko Herri Eskolako eta Ikastolako LH5 mailako ikasleek, aurreko eguenean, Kultur Etxeko sotoan.
Lanku enpresak ekoitzitako ikuskizuna da Teilatupean. Etxearen irudia ardatz hartuta, eta Uxue Alberdiren eta Amets Arzalluzen bertsoetatik abiatuta, etxearekin loturiko hainbat gai lantzen dituzte Maite Aizpuruak eta Uxue Alkortak obra honetan: adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, marjinazioa, duintasuna, bizitza ereduen aniztasuna…
Bertsoak, koplak eta beste hainbat baliabide tartekatzen dituzte, hala nola, txotxongiloak, argitzalen jokoak, objetuen manipulazioa edota koreografiak.