12 urterekin piztu zitzaion idazle izateko gogoa Fernandezi, eta ordutik ez dio idazteari utzi. 'Cada sitio' poema liburua izan zen bere lehenengo lana 2021ean eta 'Estella' fantasiazko nobela argitaratu zuen 2022an. Proiektu berrietan lanean dihardu egun, eta idazle gisa trebatzen, errezitaldi eta mikrofono irekietan parte hartzen duen bitartean. Madrilen bizi da 2021a geroztik, eta lanak uzten dion denbora libre guztia idazteari eskaintzen diola dio. Pitxintxun eskuratu daiteke A flor de piel liburua.
'A flor de piel', bigarren poesia liburua kaleratu berri duzu. Zertan datza?
2021ean etorri nintzen Madrilera bizitzera, eta orduan hasi nintzen liburu hau idazten. Batzuetan pare bat bertso idazten nituen, beste batzuetan estrofa solteak, eta tarteka, poema osoak ere bai. Hasieran ez nekien idazten ari nintzen horrekin zer egingo nuen, baina halako batean konturatu nintzen idatzita neukan guztiaren artean bazeudela haien artean lotura zuten testuak. Konturatu nintzen istorio bat kontatzen zutela testu haiek, eta orduan hasi nintzen era kontziente batean liburu honetan lanean. Aldi berean, mikrofono irekien proiektuak ezagutu nituen. Tabernetan jartzen dituzten mikrofonoak dira, artistek euren lanak ezagutzera emateko. Gehienetan musikariek hartzen dute parte, baina nik ere hartu izan dut, poemak irakurtzen. Horrelakoetan parte hartzeak aukera berri asko zabaldu dizkit. Jende interesantea ezagutu dut eta poesia ulertzeko modu berriak ikasi ditut. Egoera horren baitan idatzi dut liburua. Bi urte eman nituen idazten, eta orain dela urtebete bukatu nuen.
Herri txiki batetik hiri handi batera doan pertsona baten istorioa kontatzen duzu liburuan. Zuk ere bide hori egin duzu Elgoibartik Madrilera. Esan daiteke zure istorioa jaso duzula liburuan?
Idazten dudana ez da inoiz niri buruzkoa 100%ean, baina deskribatzen ditudan emozio eta sentimenduak bai izaten dira nireak. Kontatzen dudan istorioa tarteka nire bizipenetan oinarrituta egoten da, baina beste une batzuetan erabat asmatutakoa izaten da. Egia da azken bi-hiru urteetan izan dudan egoera deskribatzen duela hein batean: Elgoibartik Madrilera etorri nintzen, lehenengo aldiz etxetik kanpo bizitzen, dena berria, ikasketak amaitu eta lanean hasi naiz... Ez dakit norengana iritsiko den liburu hau, baina argi utzi nahi diot irakurleari nire onena jarri dudala liburu honetan, eta idaztean gauza pila bat sentitu ditudala barruan. Lortuko banu irakurleak sentitzea nik sentitu dudan guzti horren parte txiki bat, pozik geratuko nintzateke.
Noiz eta nola piztu zitzaizun idazteko gogoa?
Nire amak asko irakurtzen du eta saiatu izan da guri ere zaletasun hori transmititzen, baina nik umetan gorroto nuen. 12 urterekin konturatu nintzen arazoa zela ordura arte ez nituela nire gustuko liburuak aurkitu, baina topatu nituenean nire gustuko idazleak, argi ikusi nuen idazle izan nahi nuela nik ere. Kuriosoa da, baina gaur egun daukadan lagun onenetarikoa ere liburu baten bidez ezagutu nuen. Harry Potter irakurtzen nengoen eta gelakide bat ere bai. Une hartan batu ginen, eta gaur egun ere, lagun minak gara. Nire gustuko idazleen elkarrizketak irakurtzen eta ikusten hasi nintzen, eta haien aholkuak jarraituz hasi nintzen testuak sortzen. Nire ikasketak enpresa mundura begira egin ditut; ez daukate literaturarekin edo idaztearekin zerikusirik, baina ikasketak lagungarri izan zaizkit liburua argitaratzeko prozesuan, izan ere, testuak idatzi ondoren pauso asko eman behar dira proiektua gauzatzeko. Argitaletxe asko bisitatu behar izan ditut, neure burua aurkeztu, liburua saldu... Une honetan kontsultore moduan egiten dut lan, gaur gaurkoz idazteak ez didalako bizitzeko ematen, baina norbaitek galdetzen didanean zer naizen, idazlea naizela erantzuten diot. Oso argi daukat idazlea naizela, eta gustatuko litzaidake egunen batean idaztetik bizi ahal izatea. Lanak uzten didan gainerako denbora librea idazteari eta literaturari eskaintzen diot.
Poesia aukeratu duzu berriz ere. Zer dela eta?
Niri idaztea gustatzen zait, istorioak kontatzea, baina estiloa ez zait horrenbeste inporta. Hasi nintzen ipuin motzak idazten, poemak, nobelak... nire etxeko logela testuz beteta daukat, eta 2022an Estella nobela kaleratu nuen. Musika ere gustatzen zait, eta kantak ere idazten ditut. Poesia izan da orain kontatu nahi nuena kontatzeko hoberen etortzen zitzaidan estiloa eta horregatik aukeratu dut hori, baina niri idaztea gustatzen zait.
Madrilek arterako ateak zabaldu dizkizu?
Madril oso hiri interesgarria da. Jende interesgarri asko ezagutu dut, oso jende jatorra eta irekia topatu dut eta lagun handiak egin ditut. Horri esker, liburu hau argitaratzeko prozesua oso desberdina izan da, orain dela hiru urtekoarekin alderatuta. Oraingoan nik aukeratutako lantaldearekin egin nahi nuen lan eta horrela negoziatu nuen argitaletxearekin, eta esaterako, liburuko portada eta iruditeria guztia hemen ezagutu dudan Javier Vaz argazkilari eta diseinatzaile grafikoarekin egin dut. Gauza asko ikasi ditut lehenengo liburutik bigarrengorako tartean eta oso desberdina izan da prozesua.