Mutrikuko Arkugain arrantzaleen elkartean eta aditu eta influencer gastronomikoen aurrean aurkeztu zuten eguaztenean Debabarrena Gourmet, "bailaran erreferente diren sukaldarien elaborazio bikainak" ezagutarazi nahi dituen ekimen gastronomikoa. "Ez da Tripontzia, hau beste gauza bat da, beste merkatu bati zuzendua", zehaztu zuen Debegesako Aitziber Kortazar Turismo saileko arduradunak.
Zazpi menu, zazpi jatetxetan
Apirilaren 22an hasita, maiatzaren 5era bitartean, zazpi dastatze-menu berezi eskainiko dituzte eskualdeko zazpi jatetxetan: Soraluzeko Txurrukan, Ermuko Mendiolan, Eibarko Baratze Gourmeten, Elgoibarko Belaustegin, Itziarko Kanalan, Mutrikuko Piperren Txokoan eta Pikuan.
Bi aste horietan, jatetxe bakoitzak diseinatu duen menua eskainiko du, zazpi platerez osatua: aperitiboak, bi hasierako, bi plater nagusi (haragia eta arraina) eta bi postre. Guztia, 60 euroren truke. Ogia eta kafea ere menuan sartzen dira, baita ardoa ere: Viuda Negra Las Levantadas ardo zuria eta Q de Quintano ardo beltza eta txakolina.
Menuetako platerak gutiziak izango dira. Esate baterako, dastatu ahalko dira zigala arroz melosoa koral gorriarekin eta erreboiloa parrillan txakolin errearekin. Zazpi menuak ikusgai daude DebabarrenaTurismo webgunean.
Erreserba bidez
Otorduez gozatu nahi dutenek jatetxera bertara deitu behar dute erreserba egiteko, adieraziz Debabarrena Gourmet menua dastatu nahi dutela.