Geure Gelatik liburu azokaren irekieran jaso zuen aitortza Jasone Osorok, atzo arratsaldean, Azkoitiko Portaleburu erakustokian. Mariasun Landak emandako oroigarria eskuetan, pozarren eta hunkituta berba egin zuen idazle elgoibartarrak.
Azokan egotea "ohore" bat izan dela esan zien Osorok azokaren irekietara hurbildutako lagunei, eta baita aitortza Landaren eskutik jasotzea ere. "Landa eta Arantxa Urretabizkaia –aurreneko edizioko omendua– erreferente eta eredu izan ditut, besteak beste, aitzindariak izan direlako. Oraindik emakumeek liburuak idazten, edo hobeto esanda, argitaratzen ez zuten garaian, hasi ziren haiek idazten eta argitaratzen; euskaraz, gainera. Ausartak izan ziren. Beraiek hasitako bidea ari gara belaunaldi berriak jarraitzen". Horrez gain, eskerrak eman zizkion Maxixatzen Euskaldunon Elkarteari azoka antolatzeagatik eta gazte literaturari aitortza egiteagatik, haurrei eta gazteei zuzendutako literatura "askotan ikusezina" dela iritzita. Hain zuzen, literatura hori ezinbestekoa dela azpimarratu zuen idazleak, etorkizunean helduek euskaraz irakur dezaten. "Has gaitezen agerikotasuna eta balioa ematen". Irakurleenganako ere esker hitzak izan zituen Osorok, haien "maitasunik gabe" bere ibilbideak ez lukeelako "dirdirarik" edukiko. Idazleak maite dituen eta hura maite duten pertsonei eskaini zien aitortza, han elkartutakoen txalo zaparrada artean.
Azkoitiko Maxixatzen Euskara Elkarteak 2005ean antolatu zuen estreinakoz Geure Gelatik liburu azoka, eta 2008koa egin eta gero etenaldi luzea izan zuen. 2022an itzuli zen berriro. Orduko hartan, Arantxa Urretabizkaia omendu zuten, helduen literaturan aitzindari izateagatik. Urretabizkaiak gomendatuta, Mariasun Landa omendu zuten 2023ko ekitaldian, haur literaturan egindako lanagatik. Eskutik eskurako bidean, Landa arduratu zen atzo Osorori oroigarria emateaz, eta iazko omenduak garrantzitsutzat jo zuen azokako omenduek elkarri oroigarria ematea, hori genealogiaren erakusgarri dagoelakoan: "Ez dugu ahaztu behar izan zirenetik ikasten dugula eta datozenei pasatu behar diegula ikasitakoa".
Atzo hasi eta zapatura arte, hainbat ekitaldi egingo ditu azokak, tartean aurkezpenak, tailerrak, ipuin kontaketak eta solasak.
- Informazio osoagoa azokaren egitaraua eta argazkiak: maxixatzen.eus webgunean