Orain arte egindakotik oso bestelako lanekin dator margolaria, eta kolore eta testura berriak aurkeztuko dizkigu. Gaur egun Madrilen bizi da, baina bere jaioterria ez du ahaztu eta ilusio berezia egiten dio erakusketa honek. Luziano bera ez da Elgoibarrera etorriko, baina gaur arratsaldeko inaugurazio ekitaldian bere seme Miguel egongo da.
Lucio Ruiz-Poveda Elgoibarren jaio zen 1931n. Haurra zelarik, anai-arrebekin batera itsasoratu zen Habana ontzian, 1937ko udaberrian, Gerra Zibilean haur talde handienak kanporatu zituztenean. Frantziara joan zen, eta han, Pariseko familia batek hartu zuen. Familia hark eragin handia izan du bere bizitzan. Elgoibarrera itzuli zenean, pintatzeko desira sentitu zuen eta Arte eta Ofizioen Eskolan hasi zen marrazketa eskolak hartzen.
Ezkonberritan, Madrilera joan zen, eta han grafista lanak egin zituen Gran Vian zeuden zine-aretoetarako filmen kartelak eginez, eta gerora, Madrilgo gau giroko erretratuak egin zituen. Handik urte batzuetara, Parisera itzuli zen berriro, eta margolari bilakatu zen. Denboraldi luzeak igaro zituen Montmartren, eta harremanak egin zituen beste artista batzuekin.
Han eta hemen hainbat erakusketa egin ostean, 1962an, arte galeria propioa ireki zuen Madrilgo Castellana Hilton hotelean. Hotel hartan hartzen zuten ostatu, besteak beste, Espainiara filmak grabatzera etortzen ziren aktoreetako askok. Horri esker pertsonaia ospetsuen erretratuak egin ahal izan zituen, Omar Sharif-enak edo Stephen Boyd-enak, esaterako. Geroago, Madrilgo Meliá Princesa hotelean zabaldu zuen beste arte galeria bat, eta, 1976an, Claudio Coello kalean ireki zuen gaur egun oraindik zabalik dagoen galeria. 1971n beste galeria bat ireki zuen Zarautzen. Jarduera artistiko handia izan zuen bertan, baina, osasun arrazoiak tarteko, itxi egin zuen 2017an.
Ipar Ameriketako arte merkatari bati esker, erakusketa zabaldu zuen New Yorken, eta urte batzuk geroago Texaseko, Oklahomako eta Mexikoko hainbat aretotan ere bai. Ugariak dira bere ibilbidearen baitan egin dituen banakako erakusketak eta kolektiboak, eta lehiaketa eta sariketa askotarako ere aukeratu izan dute. Luzianoren lanak ikusgai daude museoen eta erakundeen bildumetan: Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, Kutxa eta beste banku-erakunde batzuetan, Pandhale Plains museoan (Texas), Kultura eta Defentsa Ministerioan; baita Espainiako, Frantziako, Estatu Batuetako, Indiako, Japoniako, Hegoafrikako eta beste herrialde batzuetako bilduma pribatu garrantzitsuetan ere.
Luzianoren jarduera artistikoan garrantzia handia izan du paisaiak eta leku interesgarriak bilatzeko izan duen nahiak. Horrek Espainia osoan barrena bidaiatzera eraman du, bere margolanetarako bereziak ziren herriak edo beste herrialde batzuetako pertsona bereziak aurkitzeko. Hala, Frantzian, Marokon, Italian, Nepalen, Turkian... ibilitakoa da, turismoa gaur egun bezain zabaldurik ez zegoen garaian.
Bidaia horiek oso garrantzitsuak izan ziren bere margolanentzat, eta nabari da bere iruditerian. Luzianoren lanaren zati handiena erretratuak, paisaiak eta herriak izan dira orain arte, askotan bere haurtzaroko auzoa eta etxea gogora ekartzen dutenak. Bidaia asko egin dituen arren, jaioterriko oroitzapenak izan ditu beti erreferentzia bere lanetan, baina gaur egun estilo eta etapa berri batean sartuta dago. Etapa berrian, errealitatearen erreferentzia guztiak alde batera utzi ditu, materia, testura eta kolorea bakarrik erabiltzeko, eta lengoaia plastiko garbiagoa sortu du.
- Erakusketa apirilaren 12tik 27a bitartean egongo da zabalik, honako ordutegian: 18:30etik 20:00etara