Sevillara joandako athleticzaleen bizipenak eta argazkiak

Barren 2024ko api. 12a, 15:28

Espainiako Kopako seigarren finala balekoa izan du Athleticek. Zapatuan jokatu zuen Mallorcaren kontra, Sevillan, eta 25. titulua eskuratu zuen, majo sufrituta. Penaltietan gailendu zitzaion Athletic Mallorcari, 4 eta 2ko emaitzarekin. Zapatukoa historikoa zela jakitun, athletic zalez bete zen Sevilla asteburuan, eta tartean, dozenaka elgoibartar eta mendaroar ere izan ziren. Atzo, berriz, jende olde batek hartu zuen Bilbo, itsasadarrean gabarra ikusteko. 40 urte zeramatzan Athleticek Espainiako Errege Koparen bila eta handikiro ospatu dute Athleticen zaleek. Hona hemen Sevillara joandako zenbaiten argazki eta bizipenak.

 

ASIER ATORRASAGASTI eta ION ODRIOZOLA: "Lur azpian ere ibili ginen sarrera bila, baina azkenean sarrerarik gabe joan ginen Sevillara. Hala ere, sekula ez dugu ahaztuko han bizitakoa. Bagenekien ez zela erraza izango,  baina ez genuen uste hainbeste kostatuko zitzaigunik, egia esan. Hotel bateko harreran ikusi genuen partida. 35 urte eta bost fi nal eman ditugu honen zain eta izugarria izan da. Bariku eguerdian irten ginen Elgoibartik eta iritsi ginenerako zurigorria zen Sevilla. Zapatuan, goizeko hamaiketan lehenengo tabernara sartu ginenerako garagardorik ere ez zegoen! Sevillarrei gain hartu zien zapatukoak! Joaldunak, txarangak, familia osoak zuri-gorriz jantzita... ahaztezina izan da. Eta eguenean (atzokoz) Bilbora joango gara trenez, hangoa ere sekulakoa izango delako.

ITZIAR GURRUTXAGA: "Aurreko asteazkenean erabaki nuen Sevillara joatea, azken orduan. Athleticeko beteranoen taldean sartuta nago eta sarrera bat eskaini zidan klubak, baina nik etxekoekin joan nahi nuen eta zalantzan ibili nintzen, ez genuelako beste sarrerarik eskuratu. Semea eta ahizpa oso athleticzaleak ditut. Semeak berak animatu ninduen joateko. Aukera hori ez galtzeko esan zidan eta nire taldekide izandakoek sinatutako kamiseta eraman nuen jantzita, propio. Kostatakoa izan da, baina ez nuen besterik espero, final batean edozer gerta daitekeelako eta gehiago faborito gisa joanda, presio hori kudeatzea ez delako erraza izaten. Izugarria izan da han bizitakoa, besteak beste nesken taldearekin irabazitako ligetako oroitzapenak berritu zaizkidalako. Familia osoak ikusi ditut han, haur jaioberriekin eta edade handiko aiton-amonekin. Esaten dute ehun bat mila athleticzale izan ginela han, baina bake-baketan igaro genuen eguna. Polizia asko ikusi genuen, hainbeste lagunen artean beti egon daitezkeelako lau mozolo jaia zapuzteko, baina ez, giro sanoa gailendu zen. Athletic sentimentu
bat dela nabarmen gelditu da berriro ere. Pena bakarra daukat: Sevillakoa semearekin batera bizi ezin izana".

IÑIGO LOIOLA: "Eguenean joan ginen gu Sevillara eta itzulerako bidean harrapatu gaituzu orain (astelehena). Han bizitakoa ezin da berbaz adierazi. Ahaztezina izango da. Han ez zegoen Athleticen elastikorik ez zeukanik. Zapatuan, iluntzeko zazpiretatik goizaldeko lauretara urik ere ez genuen topatu. Finala irabaztean liberazio halako bat sentitu nuen, seigarren ahaleginean eskuratu dugulako".

JOSEBA MANTECA: "Eguenean iritsi ginen Jon [Fernandez] eta biok Sevillara, eta batu zitzaizkigun gero Elgoibarko beste lagun batzuk ostiralean. Azkeneko orduan lortu genituen denontzako sarrerak, eta pozik. Mendaroko realzale batzuek hartuta zuten etxea Sevillan, Reala finalera iritsiko zelakoan eta haien lekuan joan ginen gu. Eta zorionekoak izan gara etxejabeak prezio berean utzi digulako etxea. Sevillan bizitakoa zoramena izan da, batez ere zapatukoa. Lekurik ere ez zegoen tabernetan, eta kaleak ere gainezka zeuden. Partidan uste baino gehiago sufritu genuen. Atsedenaldian etsipena zen nagusi Athleticen zaleon artean. Inork ez zuen penaltietara iritsi nahi; finala galtzeko beldurra nabaria zen. Hango kantuak, hango giroa... Cartujak San Mames ematen zuen. Ikaragarria izan zen. Athletic Hirian sartzea lortu genuen guk behintzat, baina hain zegoen jendetza handia, uste baino lehenago erretiratu ginela handik ere. Gehiegia izan da. Jende artean ibiltzeko gogoa ere kendu zait denbora baterako. Gabarra, beraz, telebistaz ikusiko dut".

IBON ALONSO: "Ostiralean joan ginen Sevillara, familian, sarrera bana eskuratuta. Ostiralean gure aitaren urtebetetze eguna izan zen, eta zapatuan, izebarena, eta pentsa zer nolako ospakizuna izan genuen! Madriletik trenez joan ginen eta Sevillara bidean dena zen zuri-gorria. Han, berriz, zer esanik ez!. 21 urte dauzkat eta Athleticen titulu bat eskuratu osteko ospakizunen berri baneukan etxean entzunda, baina bizitzea sekulakoa izan da. Partidan sufritu genuen, hori bai. Atsedenaldira lur jota iritsi ginen, baina penaltietan hartu genuen arnasa. Bazen ordua! Liberazio halako bat izan da irabaztea. Aitortu beharra daukat orain datorrena denak aspertzeko bestekoa izango dela, baina..."