Xabiroi aldizkarian zortzi ataletan publikatuta argitaratu zuten, estreinakoz, Surflaria. 2020. urtean murgildu ziren lan honetan, eta 2023ko ekaineko zenbakian argitaratu zuten azken kapitulua. Horren ostean, guztiak album batean batu zituen Xabiroi aldizkariak, bere bildumako hamazazpigarren lana, hain zuzen ere. Uxue Alberdi Estibaritzek (Elgoibar, 1984) idatzi zuen gidoia, eta Susanna Martín Segarra (Bartzelona, 1976) komikilari eta ilustratzaile kataluniarrak eraman zuen irudietara kontakizuna.
Bizitzaren eta heriotzaren urek bat egiten duten istorioa da Surflaria. Amaiak, komikiko protagonista nagusietako batek, jasoko duen telefono dei batekin hasten da istorioa. Dei horretan esango diote hamar urte igaro ostean hiltzat jo dutela Eki, itsasoan desagertu zitzaion laguna.
Aurkezpena Lilan
Joan den urrian kaleratu zuten Surflaria liburua eta orain Elgoibarren aurkeztuko dute, apirilaren 18an, Lila emakumeen etxean. Liburuaren egile biak izango dira aurkezpenean, eta bien arteko lankidetzaren berri emango dute, bilbeak eta pertsonaiak sortzeko prozesua eta sinbolismoak, musika- eta literatura-erreferentziak azalduko dituzte. Gainera, komikian erabilitako gaiak eta teknika narratiboak (idatzizkoak zein bisualak) ere aztertuko dituzte.
Mahai-ingurua, euskal komikigintzaz
Aurkezpen ekitaldia bera baliatuko dute euskal komikigintzari buruzko mahai-ingurua egiteko. Uxue Alberdik, Susanna Martinek eta Dani Fanok hartuko dute parte solasaldian. Komiki-marrazkilaria eta Xabiroi aldizkariko zuzendari eta editorea da Fano. Lilako arduradunek jakinarazi dutenez, mahai-ingurua bereziki interesgarria izango da 13-14 urtetik gorako nerabeentzat, adin guztietako komikizaleentzat, narratiba feministetan interesa dutenentzat eta euskara ikasten ari direnentzat.
- Euskaraz izango da ekitaldia, publiko osoarentzako irekia. 18:00etan hasiko da.