Txapelketaren 16. ekitaldia izan da aurtengoa eta joan den zapatuan jokatu zuten, Errotazar futbol zelaian. Hiruko eran jokatzen duten haur mailako txapelketara Lekeitioko eta Elgoibarko taldeak gonbidatu dituzte aurten eta, ordu batzuk geroago Sevillan jokatu zuten Kopako finalean gertatu zen moduan talde zuri gorria gailendu zen Deban ere. Lekeitiarrak izan ziren txapeldunorde eta etxeko taldea sailkatu zen hirugarren postuan. Amaikak Bateko ordezkariek jakitera eman dutenez, guztiaren gainetik, kiroltasuna eta giro ona nagusitu ziren zapatuko jardunaldian.
Txapelketaren hasierako partidan bi talde gonbidatuek, Elgoibarrek eta Lekeitiok, elkarren aurka jokatu zuten, eta Elgoibarrek irabazi zuen, 1-0 emaitzarekin. Jardunaldiko bigarren partidan, berriz, Amaikak Batek eta Lekeitiok bana berdindu zuten. Azken partidan, aldiz, Amaikak Batek Elgoibarko taldea izan zuen aurrez aurre, eta elgoibartarren aldeko 0-3ko emaitzarekin amaitu zen.