Biraka taldeak udalekuak antolatu ditu udarako

Barren 2024ko mar. 24a, 13:20

Mugimendua, koordinazioa, sormena, eta beste hainbat gauza landuko dituzte udalekuetan, modu ludiko eta dibertigarri batean. 

Hala jakinarazi dute antolatzaileek. 7 eta 15 urte artekoentzako eskaintza da, 2009 eta 2017. urteen artean jaiotakoentzat, eta egunero hiru ordu eta erdiko saioak izango dira, 09:30etik 13:00ak arte. Bi txanda izango dira aukeran: lehenengo txanda uztailaren 1etik 12ra, eta bigarren txanda, uztailaren 15etik 26ra. Eta taldeak adinaren arabera osatuko dituzte, nahiz gero elkarrekin ibiliko diren denak.

Zabalik dago izena emateko epea eta taldeak izen-emate hurrenkeraren arabera osatuko dituzte. Ez dute gero zozketarik egingo.
Haur bakoitzeko prezioa 150 eurokoa izango da, baina familia bereko bi kidek izena emanez gero, bigarrenak 110 euro ordaindu beharko ditu.
Ordainketa ondorengo kontu korrontean egin beharko da, haurraren izen-abizenak zehaztuta: ES84 2095 5036 58 1073314543