Ana Artetxe eta Lurdes Altzibar langile erretiratuak gonbidatu zituzten solasaldirako, elgoibartarra bata eta mendexarra bestea, eta Ainara Argoitia Barreneko kazetariak gidatu zuen saioa.
23 urte zituela ekin zion kooperatiban lanean Lurdes Altzibarrek, Lealden, administrari lanetan, eta 2008an iritsi zen Danobatera, Lealdek eta Danobatek bat egin zutenean. Ordurako ardura postuetan ibilia zen Lealden: finantza zuzendari izendatu zuten lehenengo eta lehendakari karguan egin zituen azkeneko urteak; garai zailak. Ana Artetxe, berriz, 16 urterekin hasi zen Danobaten, bulegoko lanetan, departamendu guztietako datuak ordenagailuan sartzen, eta hantxe egin zituen 50 urte egin arteko urteak. Erretiroa hartu aurreko azkeneko hamar urteak, berriz, Idekon egin zituen. Haien izana eta ibilbide profesionala kooperatibari lotua egon da oso gaztetatik, eta bizipenetatik mintzatu ziren, kazetariak zehaztutako lau ardatzen inguruan: berdintasuna, euskara, kooperatiba eta etorkizuneko erronkak. Danobateko Euskara eta Berdintasun Batzordeek antolatu zuten saioa EMUNen laguntzarekin.