Korrika eta Txiki Eguna nahasteak emango lukeen emaitza modukoa izan da Elgoibar Ikastolak eta Herri Eskolak elkarlanean antolatu duten Elgoibarko Korrika Txikia. Soinu arazo txiki batzuk konpondu ostean, Maalatik hasi dute Korrika Txikia, 15:00etan, 23. Korrika pasa eta bi ordura. Ikasle nagusienen taldea hasi da Maalatik, eta lekukoa eskuz aldatu ahala gainerako mailetako ikasleak batu zaizkie euskararen tropelera. King-kong parean, Kalebarrenen, Kalegoenen eta Santa Anan egin dituzte lekuko aldaketak. Kalegoen plazan amaitu dute Korrika Txikia, baina festa ez da amaitu, hasi baizik. Sei ikaslek egunerako prestatutako koplak abestu dituzte lehenik eta Esne Beltza taldearen "Nahi Dut" abestia dantzatu dute gero plazan batutako eskola-ume guztiek. Ondoren, BetiSua txarangak girotu du jaia, plazan lehenengo eta San Bartolome kalean behera eta Errosarion gora gero, eta hor hartu du Txiki Eguneko traza jaiak.
Hona Elgoibarko Korrika Txikia bideoan: