Elgoibar Ikastolako eta BH Institutuko DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta Lanbide Heziketa eta tokiko enpresa-sarea gazteei hurbiltzea du helburu nagusi. Bi zatitan gauzatu dute.
Lehenengo fasean, ikastolara eta institutura bisitak egin zituzten IMH Campus eta Mekako ordezkariek, euren hezkuntza-eskaintza aurkezteko. Saio horietan, industriaren eremutik harago, enpresek Elgoibarren eskaintzen duten enplegu-aniztasuna agerian gelditu zela azaldu dute “Zeikasikot?” programako sustatzaileek. "Aurkezpen horrek bi interes-talde osatzea ahalbidetu zuen: teknikoa eta humanistikoa, ikasleen lehentasunen arabera", azaldu dute.
Proiektuaren bigarren fasea tokiko enpresetan lan egiten duten IMHko eta Mekako ikasle ohiekin koordinatu zuten, Ideko eta Alcorta enpresetara bisitak antolatzeko. Bisitaldi horiei esker, ikasleek gertutik ezagutu ahal izan zuten sektore horien lan-errealitatea, "langileen esperientziatik eta bide profesionaletik zuzenean ikasiz".
Guztira, Elgoibar Ikastolako 79 ikaslek eta Elgoibar BH institutuko 66 ikaslek parte hartu zuten ekimen honetan, taldeka banatuta, arlo tekniko edo humanistikorako duten joeraren arabera. Ideko eta Alcortara egindako bisitetan, hainbat lanpostutako profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izan zuten, eta euren ibilbide profesionalari buruzko ezagutzak, esperientziak eta xehetasunak partekatu zituzten.
Elgoibarko Udalak hezkuntza-erakundeen, tokiko enpresen eta Udalaren beraren arteko lankidetza horren garrantzia azpimarratu du, gazteen orientazio profesionalerako, eta “Zeikasikot?” bezalako ekimenek "Elgoibarko ikasleen komunitatearen garapen pertsonal eta profesionalean laguntzen jarraitzea" espero du.