Elgoibarren Herriko Antzokian emango dute hilaren 19an (martitzena), 19:00etan, eta Mendaron San Agustin Kulturgunean emango dute, 18:30ean.
Josu Martinezek zuzendutako fikziozko luzemetraia da Bizkarsoro, eta 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna. Euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztien istorioa.
Argia aldizkariko Gorka Peñagarikano Goikoetxeak honela iruzkindu zuen: “Bizkarsoro herri euskalduna da, jendearen joan-etorririk eta populazioaren nahaste handirik apenas bizitu duena iraganean. Lehen Mundu Gerran frantsesen bandoan borrokatu beharko du lehenik, eta nazien inbasioa jasan gero. Finean, identitateari eta hizkuntzari uko egitera behartuta ikusiko du bere burua. Programaturik dago bere heriotza, arriskuan dago, eta ondo pentsaturik egingo zaio eraso, baina pronostiko guztien kontrara, eutsi egingo dio. Eta hiltzekotan ere, badaki, autopsiarako frogak utzita hilko dela.”