Evaristo Rodriguezek hartu zuen hitza batutakoen izenean, eta "mesfidantza" hitza aipatu zuen behin baino gehiagotan. "Mesfidantza sortzen digute eraikin hau mantentzeak hurrengo belaunaldiak zorpetuko dituela diotenek, eta, aldi berean, hondamendi egoeran dauden beste batzuk urteetan mantentzen dituztenean, kasu horietan udal kutxa husten ari diren arren, eta dirua berreskuratzeko bermerik gabe gainera", esan zuen. Elgoibarko elkarteen lokal falta ere hizpide izan zuen. "Elgoibarko elkarte guztiek lokal bat dutela diotenak gezurretan ari dira, bai badakigu ekimen ugari ez direla aurrera irteten lokal faltagatik, hain justu ere". Herrian dauden lokalen azterketa sakon bat egitea eskatu zuen, "etorkizunari begira".
Pedro Mugurutzako eraikinarekin egin nahi denaren inguruan mesfidantza handia dutela errepikatu zuen. "Mesfidatiak gara eta mesfidatiak izateko eskubidea dugu. Horregatik eskatzen dugu eraikinaren egoerari buruzko azterketa independente bat egitea, eta baita eraikina zaharberritzeak izango lukeen kostuaren gaineko azterketa edo txosten tekniko bat egitea ere. Eta horiekin batera, erakina botatzeak eta ingurua urbanizatzeak izango lukeen kostua zein den jakin nahi dugu, baina gehi diezaiotela horri galduko den erakinak duen balioa. Eta, azterketa guzti horiek egin eta txostenak eskuan ditugula, honakoa eskatzen dugu: herriak erabaki dezala".