Badira nortasun berezia duten auzo eta kaleak, eta horietako bat da Elgoibar behealdean dauden San Pedroko etxeetako bizilagunena. Nortasun hori ospatzeko elkartu dira gaur 140 bat lagun, auzoko egungo bizilagunak, gaur egun herriko beste auzo eta kaleetan bizi diren bizilagun ohiak eta baita Elgoibartik kanpo bizi diren bizilagun ohiak ere. "Zu zauden etxe horretan jaio nintzen ni, duela 64 urte", esan dio gizon batek etxebizitzetako baten balkoian zegoen emakumeari.
Topaketa honen sustazaile nagusienetako bat izan den Eli Gutierrezek ekartzeko eta lehengo garaiak gogora ekartzeko ilusio handia nabaritu du. "Maldan behera botatzen duzun elur bola bat moduan, hazten joan da denok elkartzeko ideia hau, eta ilusio handia sumatu dut jendearengan. Galizian bizi diren lagunek ere hemen egon nahi izan dute gaurkoa moduko egun berezian, eta adina ere ez da aitzakia izan, 91 urteko bizilagun ohiak ere batu zaizkigu eta ospakizunera", azaldu du. Okasiorako sortu duten watssapp taldea ere bizi-bizia izan dela gaineratu du eta aspaldiko kontu eta argazkiz beteak izan direla solasaldiak.
"Badakizu zuen etxe azpian bizi ginela gu, ezta? oroitzen al zara nitaz? non bizi zarete orain?", galdetu dio gizon batek besteari. Antzerako elkarrizketak errepikatu dira eguerdian, talde argazkia atetatzeko elkartu direnean. Lehen "komunitate sendoagoa" osatzen zutela dio Gutierrezek, bizimoduak eta ohiturak aldatu ahala apalduz joan bada ere sentsazio hori, "bereziki auzoko negozioak eta tabernak ixten joan zirenetik", bere berbetan.
Talde argazia eta bazkaria
San Pedro kalea eta Lerun industrialdea lotzen dituen San Pedro zubian talde argazkia atera ostean, denak elkarrekin joan dira Txarriduna Hoteleraino, luntxa zain baitzuten han. Indarrak hartuta, Sigma jatetxera joan dira bazkaltzera, herria aldenik alden zeharkatu eta gero.
San Pedro lantegiko etxebizitzak
Romualdo Gartzia negozio gizon nafarrak 1877an martxan jarri zuten San Pedro lantegiari lotutako etxeak dira San Pedrokoak, bertoko beharginentzat egindakoak, Sigma lantegiak egin zuen modu berean.