Zer da zuretzat euskararen aldeko ekimen handienean modu honetan parte hartzeko aukera?
Ohore handia. Ez naiz jarri pentsatzen, baina irudikatzen dut jendetza handi bat bueltan, AEK kideak inguruan eta begirada guztiak gugan jarrita. Orain hurrengo Donostian amaitu zenean ikusi genuen hori. Polita izango da.
Zenbat urte daramatzazu AEKri lotuta? Nola oroitzen dituzu hasierako urteak?
41 urte. Beste mundu bat zen ordukoa. Garaia bera eta orduko giro soziopolitikoa oso ezberdinak ziren eta euskaltegira etortzen zirenen euskara ikasteko motibazioak ere bai. 80ko hamarkada zen, eta 60ko hamarkadako euskaltzaleek sortutako ilusio eta gogo hori sumatzen zen euskaltegira etortzen zirenen artean ere. Orduan harremantzeko eta komunitate bateko kide sentitzeko ikasten zuen bereziki jendeak euskaraz, eta orain, motibazioak askotarikoak diren arren, titulu bat lortzeko edo lanpostu jakin bat lortzeko behar dutelako etortzen dira gehienak. Eskolak emateko modua ere ezberdina zen. Orduan ilusioa zen motorra, eta orain, dena da teknikoagoa.
80ko hamarkadan hasi zinen AEKn. 1980koa da lehenengo Korrika ere. Zer oroitzapen daukazu?.
Oñatin hasi eta Bilbon bukatu zen estreinako hura. Oso eguraldi makurra egin zuen eta esango nuke Elizako kanpaiak jo zituztela Elgoibartik pasatu zenean, baina ni etxean nengoen. Bigarren edizioan plazara joan nintzen lagunekin Korrikara batzeko. Nire akorduan, asteburuan pasatu zen hemen, goizaldeko ordubiak aldera. Gaur egun dena dago oso lotuta eta zehaztuta, baina orduan ez zen garbi jakitzen zer ordutan pasatuko zen Korrika. Gertatu izan zitzaigun Korrika behar baino aurretik iritsi eta San Frantzisko kalean gora korrika egiteko asmoz zetorren jendeari notizia hori eman beharra ere. Orain zuzenean ere jarrai dezakegu 24 orduz. Oraindik akorduan dauzkat 22. Korrikak laga zizkigun irudiak, jendea Etxarri aldean furgonetari bultzaka elurretan aurrera egin zezan. Beste dimentsio bat du orain. Lehen ez zen izaten gaur besteko jendetzarik ere.
"Euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzeko sortu zuen AEK-k Korrika, eta 43 urte geroago, helburua berbera da"
Parte-hartzea masiboa izate horrek badakar arrisku bat: Korrika jai hutsean gelditzea.
Bai, hori da, eta 23. Korrikaren aurkezpenean ere ohartarazi zuen Ane Elordi Korrikaren arduradunak. Korrikak badu bere alde ludikoa, badu festatik eta ospakizunetik, baina Korrika hori baino gehiago da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzeko sortu zuen AEK-k Korrika, eta 43 urte geroago, helburu bera du, diru hori gabe ezin delako Euskal Herri osoan ehun euskaltegi zabalik mantendu. Korrika ez da festa hutsa; Korrikak euskararen aldarria dakar. Euskaraz bizi nahi dugula esatera gatoz; euskarari eutsi egin behar diogula esatera, bizi duen egoera ez delako batere ona. Jende guztiak nahi izaten du herri barruan egitea Korrika, herri barruan eramatea lekukoa, argazki politena berea izatea, baina hemen esaten ari garena da hau jai huts bat baino gehiago dela. Esaten ari garena da euskarak
behar gaituela eta busti egin behar garela; euskara ikasi eta erabili egin behar dugula Euskal Herrian, nonnahi eta noiznahi. Eta ez dut etsipen mezua zabaldu nahi, euskaldun kontzientziadun jende asko daukagulako. Ikusi besterik ez dago bertso saioetan zer nolako jendetzak batzen diren, baina hain dira indartsuak herri hau erdalduntzen ari diren indarrak, derrigortuta gaudela geu ere konplexurik gabe eta indar handiagoz ekitera.
Euskaldun kontzientzia hartu behar dugula alegia.
Hori da. Gauzak ez dira sekula bakarrik etortzen eta guk ahalegina eginda ere, ez daukagu erraza, korrontea oso erdalduna delako eta euskararen kontrako oldarraldia bizi dugulako. Ni seko harrituta nago ikusita zer nolako atxikimen txikia dion gazte jendeak euskarari Elgoibarren.
Euskaldun gisa dagozkigun hizkuntza-eskubideak exijitzea ere bada euskaldunon eginbeharra. Eta hain justu ere, horretan ari den kolektiboa omenduko du aurten Korrikak: Azterketak Euskaraz. Zer duzu esateko?
Izugarria dela kolektibo hori egiten ari den lana. Gogor ari dira azterketak egiteko sasoian dauden gazteak Brebetako eta Baxoako azterketak euskaraz egin ahal izatea exijitzen. Eredu dira euskaldunontzat.
Elgoibarko AEK-rentzat zer da Korrikaren antolakuntzan jardutea? Noiz hasten da hemen lana?
Urtebete lehenago hasten gara, ibilbidea lotzen eta neurketak egiten, eta irailean hasten gara bestelako kontu batzuk lotzen. Gabon aurretik materiala saltzen hasten gara eta Korrika Kulturaleko ekintzak lotzen, eta urtarrilean atzera kontaketa hasten dugu. Egia esan gauza asko dira, eta lana da, ez dugulako ahaztu behar gure eguneroko jarduna ez dela eteten denbora guzti horretan. Batzuetan harritu egiten naiz ikustean nola ez diguten gauza gehiagok ihes egiten. Aldi berean, 23. Korrika da aurtengoa, eta horrek berak erraztu ditu gauza batzuk, Korrikak orain baduelako lehen ez zuen izen eta izan bat eta herriko elkarte eta eragile askok ez dutelako asko pentsatu beharra izaten Kilometroa erosteko. Errepikatu egiten dute askok. Hala ere, beti izaten da azken orduan kilometroa erosi nahi duela esanez datorrenen bat. Orain hurrengo ere, bi egun aurretik etorri zitzaizkigun bi elkarte eta han ibili ginen non sartu asmatu ezinda, zaila baita ibilbidea lotuta eta petoak-eta banatuta dituzunean azken orduan zerbait aldatzen hastea. Ahal duguna egiten dugu.
Nola bizi dituzue Korrika etorri aurreko egun hauek Elgoibarko bulego honetan?
Nahiko genuke ostiralerako [gaur] lanak amaituta laga, datorren astean sortu daitezkeen azken ordukoei lasai erantzuteko moduan izateko. Nolabait esateko ikuskizuna prestatuta eta sarrera guztiak salduta izan nahiko genituzke datorren asterako, funtzioaz lasaiago gozatzeko, eta inprobisatu beharra balego, burua horretara izateko, beti izaten baitira sorpresak.