Atzotik, Mugirekin autobus txartela eros daiteke martxoaren 18rako eta hurrengo egunetarako; datorren astelehenetik aurrera (hilak 18), berriz, txartelak in situ erosi ahal izango dira autobusean, Mugirekin ordainduta. Horrela, erabiltzaileek beherapen handiak lortuko dituzte txartelaren prezioan.
Debagoiena eta Debabarrena eskualdetako udalerrien eta aireportuaren arteko konexioek 1,94 euro balioko dute Mugi pertsonalizatuarekin, 2,53 euro Mugi anonimoarekin eta 7,45 euro Mugi gabe, egungo 12, 10 eta 8 euroren aldean Arrasatetik, Bergaratik eta Eibarretik hurrenez hurren", adierazi du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
“Aireporturako linea Mugi sisteman sartuta, zerbitzu hori ez da berezitzat hartzen txartelak erosteari dagokionez; beraz, jada ezin izango da bidaiatu erositako txartelari ez dagokion bidaldietan, orain arte gertatzen zen bezala. Hilaren 18tik aurrera, txartela erosi den bidaia jakin horretarako soilik erabili ahal izango da, eta, ez bada hala egin behar, baliogabetu egin beharko da horretarako ezarritako epean” jakinarazi du diputatuak.
Halaber, Loiuko aireportuko autobusa Mugi sisteman sartzearekin batera, pandemia garaian abian jarri zuten Lurticket aplikazioa bertan behera geldituko da, eta, ondorioz, txartelak soilik eskuratu ahal izango dira leihatilan, autosalmentako makinetan, web orrian eta autobusean bertan Mugi txartelaren bidez.