Goizaldean egin dituzten pintaketa "iraingarri eta sexistak" Elgoibarko bizikidetza baketsu eta demokratikoaren printzipioen guztiz aurkakoak direla salatu du Elgoibarko Udalak.
"Barkaezina da ekintza bandaliko horien helburua ordezkari hautatu batek herriaren borondatearen alde egiten duen lan legitimoa ikaratzea edo mugatzea izatea. Adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidea bada ere, ez da inoiz aitzakia gisa erabili behar edozein pertsonaren duintasunari edo osotasunari erasotzeko. Badira beste bide zilegi eta zibilizatu batzuk ideiak, proposamenak edo kexak adierazteko", adierazi du Udalak prentsa ohar bidez.
Edozein indarkeria, gorroto edo intolerantzia mota arbuiatzeko eskatu die Udalak herritarrei, eta, aldiz, elkarrekiko errespetua eta elkarbizitza baketsua sustatzeko.
Elgoibarko EAJren gaitzespen oharra
Elgoibarko EAJ alderdiak ere "gogor" gaitzetsi ditu Elgoibarko alkate eta EAJko ordezkari den Maialen Gurrutxagaren aurka Altzolan agertu diren pintadak. "Horrelako eraso iraingarri eta sexistak lekuz kanpo daude, beste garai batzuetara eramaten gaituzte, gainditutzat jotzen genituen garaietara. Badira foroak eta guneak kritika politikoa egiteko, herri guztiarenak diren espazio, ondasun eta altzari publikoak zikindu eta hondatu beharrean", adierazi du EAJK prentsa ohar bidez.
Adierazpen askatasunerako eskubidea defendatu arren, hau "haratago" doala uste dute. "Gezurretan, laidoetan eta edozein ordezkariren aurkako erasoetan oinarrituta ezinegona sortzen saiatzen direnek, aurrean izango gaituzte".