Preferente Mailako taldekako fasean hamasei talde lehiatu ziren, bi multzotan banatuta. Zortzi onenek lortu zuten Euskal Ligara igotzeko play-offetarako sailkatzea, eta horietako bat izan zen Danobat Elgoibar taldea, bere multzoko hirugarren sailkatuta. Gainerako zortzi taldeek Lehen Mailara jaisteko kanporaketak jokatuko dituzte.
Zubi Ondo xake taldetik azaldu dutenez, estreinakoz lortu dute igoera kanporaketak jokatzeko sailkatzea, ezustean lortu ere, jaitsiera kanporaketak jokatu beharko zituztela sinistuta baitzeuden. "Xakeko Girona izan garela esan digute gainerako taldeetakoek ere, Gironak Lehen Mailan eduki zuen hasiera apartarekin konparazioa eginez. Poz handia hartu genuen playoffetarako sailkatuta, ustekabe handia izan baita. Playoffak jokatzeko aukera izateaz gainera, beste urte batez Preferente Mailan egotea ziurtatu dugu, eta horrek dauka balorea guretzat".
Danobat Elgoibar taldekoek zapatuan hasi zuten Euskal Ligarako igoera fasea, eta hasi eta bat galdu dituzte igoera lortzeko aukerak. Taldekako faseko emaitzak kontuan hartzen dituztenez, igoera kanporaketetako lau jardunaldietan irabazi beharra zeukaten, bai ala bai, baina gogorregia izan zen bidean topatu zuten lehen harria. Preferente Mailako egungo txapelduna den Fomento Cultural taldea izan zuten aurkari zapatuan, eta errenteriarrak gailendu ziren 3.5-05 emaitzarekin. Iaz mailaz igoteko aukera izan arren, ez gauzatzea erabaki zuten, Euskal Ligan egin beharreko bidai luzeak-eta ekiditeko. Honenbestez, Euskal Ligara igotzeko aukerarik gabe gelditu da Zubi Ondo xake taldeko talde nagusia.
Hurrengo jardunaldian Gros C taldearen bisita jasoko dute elgoibartarrek.