Gazteek gazteentzako sortutako programa da, 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzakoa, zehazki. Eta, hasteko, martxoaren 22rako bi jarduera antolatu dituzte. ZZ Gazteak taldea da antolatzailea, Atxutxiamaikaren eta Elgoibarko Udalaren babesarekin.
- Alde batetik, Geruzak taldeko bi gaztek dinamizatuta, eta, taldetasuna gaia oinarri hartuta, pentsamendu kritiko eta autonomorako espazio batean parte hartzeko aukera izango dute gazteek. Ikus-entzunezkoen bitartez eta material osagarrien laguntzaz, eztabaida eta kultur transmisioa sustatuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, euskaraz eta euskaratik, feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua lantzea helburu duen ikus-entzunezko sorta da Geruzak. Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da, 18:00etatik 20:00etara.
- Bestetik, Maria Blanco umoregile, aktore eta dantzariaren bakarrizketa izango da Aita Agirre kulturgunean, eta emanaldiaren bukaeran afari-merienda egingo dute. Maria Blanco zestoarra ‘Barre librea’ telebista saioan murgildu zen bakarrizketen munduan, eta ordutik, hainbat txokotan aritzen da jendeari barrea eragiten (ikus Zestoako Danbolin toki komunikabidean egin zioten elkarrizketa). Aita Agirre Kulturgunean izango da, 20:30ean.