Jende ugari gerturatu zen Alba Duqueren argazki erakusketaren inauguraziora, emakumeak ia denak, eta adi-adi entzun zituzten argazkilariak bere lanaren inguruan emandako azalpenak. Emakumezkoen gorputzei egindako argazkiak filtrorik gabe erakusten ditu Duquek, estereotipoei aurre egin eta emakume askotarikoei lekua eginez. Kultur Etxera batutakoei argazkietako protagonista izateko proposamena egin zien Bartzelonako argazkilariak, eta askok eman zioten baiezkoa. Biharamunean, zapatu goizean, askotariko 50 bat emakumeak bildu ziren Alba Duquek egindako deialdira. Marroia eta zuria arteko arropak jantzita Kalegoen plazara batzeko eskatu zien argazkilariak hala egin zuten elgoibartarrek. Irudi-eskubideak lagatzeko kontratua sinatu ondoren, plaza erdian eta elizako arkupeetan atera zituzten argazkiak. Gehiagoko gogoarekin gelditu ziren zenbait emakume eta bularretakoa ere eskatutako kolorekoa jantzi zutela jakinarazi zioten argazkilariari, eta kamiseta kenduta ere nahi zutela argazkia atera ziezaien. Esan eta egin. Era honetan, erakusketan ikusi zituzten argazkien antzerakoa atera zien argazkilariak elizaren albo batean.
Duquek Emakumeen Nazioarteko Egunean argitaratu ditu argazkiak Instagram sare sozialean duen kontuan.
"Oraindik nabari dut bihotzean emakume hauen energiak lagatako arrastoa", idatzi du berton.
Hona erakusketaren inaugurazioko argazkiak eta biharamunean egin zuten argazki saioko irudiak.