Erakusketa muntatzen harrapatu du BARRENek argazkilari bartzelonarra eta plazan atera nahi duen argazkirako deia euskaraz egiten ere jarri dugu. Gustu handiz onartu du erronka eta azkar ikasi ditu esan beharreko esaldiak (ikus BIDEOA). Askotariko emakume feministen argazkia atera nahi du plazan, bere estiloan, baina oraingoan "modeloek" jantzita egon ahal izango dutela zehaztu du. Izan ere, bere lanetan emakumezkoen gorputzak filtrorik gabe erakutsiko ditu Duquek, estereotipoei aurre eginez eta emakume askotarikoei lekua eginez.
Plazako argazkia 11:00etan aterako du zapatuan. Ahal dela, txuria eta marroiaren arteko jantziak eramateko eskatu du argazkilariak, "beige desberdinak". Parte hartu nahi dutenek honako formularioa bete behar dute.
Inaugurazioa eta bisita gidatua
'Gureganako bidea' argazki erakusketa barikuan inauguratuko dute martxoaren 1ean, 18:30ean, eta irekieraren ostean bisita gidatua egingo du Alba Duquek berak. Martxoaren 15era arte egongo da ikusgai bere obra, Kultur Etxean.
'Gureganako bidea' izena jarri diozu erakusketari. Zein da gugana garamatzan bide hori?
Norberak bere bidea deskubritu behar duela iruditzen zait. Nik eta nire inguruko emakumeok egin dugu bide hori, argazkigintzaren bidez. Autoesplorazioa eta autodeskubrimendua landu ditut, eta zaurgarritasunari eta autoestimuari loturiko trabak gainditzen saiatu naiz. Gure gorputz propioa eta gure izaera nola sentitzen ditugun jasotzen saiatu naiz.
Nola erabaki zenuen emakumezkoen gorputzaren gaia lantzea?
Uste dut arrazoi bat baino gehiago egon direla gai honek nire interesa pizteko. Umea nintzela, nire amak anorexia zeukan. Beraz, umetatik bizi izan dut patriarkatuak emakumezkoaren gorputzean daukan eragina. Horrez gain, urte askoan dantzaria izan nintzen, eta dantzan lehiatzen ibili nintzen. Diziplina horrek ere gorputza nabarmen zailtzea eskatzen du, eta nolabait gorputzaren esklabu egiten zaitu. Argazkigintzan hasi nintzenean, edertasun kanon guztiak betetzen zituzten emakumeak ezagutu nituen, eta konturatu nintzen haiek ere bazituztela beldurrak. Argi ikusi nuen inor ez dagoela gorputzaren presio horretatik salbu. Argazkigintzak, gainera, badauka egia ezkutatzeko aukera, benetakoa dena manipulatu dezake, eta nik horren kontra egin nahi nuen.
Zein da erakusketaren helburua?
Benetako gorputzak erakutsi nahi izan ditut erakusketa honetan, errealak eta ederrak, tranparik gabeak. Ezkutukoa azaleratu nahi izan dut, ezkutuan ere edertasun handia dagoelako. Sarri entzun izan ditut emakumeak esaten beraien gorputza gorroto dutela, eta pena ematen dit, azken batean gorputza gu garelako eta horrek esan nahi duelako norbere burua gorroto dutela.
Nola aukeratu dituzu zure argazkietako protagonistak?
Ez ditut aukeratzen, nahi duen orok hartu dezake parte. Deialdiak egin izan ditut, eta agertu diren guztiak atera izan ditut. Horrez aparte badauzkat argazki sesio intimoagoak, familiartekoak, generazio desberdinak islatzen dituztenak, erditu berri diren emakumeenak, minbizidunenak... Bost bat urtean ari naiz lan honekin, eta 300 bat emakume erretratatuko nituen honezkero. Pertsonekin lan egitea gustatzen zait, eta gai guztietan sartzen ditut. Argazkiak oso erreminta onak dira nik nahi dudan hori erakusteko, eta konexio handia daukat argazki kamerarekin. Baina ez nago itxita. Bideoak ere egiten ditut
eta bestelako tresnak erabiltzeko ere prest nago. Kamera atzean oso gustura sentitzen naiz, baina aurrean jartzea ez zait asko gustatzen. Ilusio handia daukat nire lana Elgoibarren erakusteko.
Ver esta publicación en Instagram