Elkarrizketa

Iñaki Iurrebaso: “Testuinguruak eta berezko joerak erdalduntzera behartzen ditu euskaldun gehienak Euskal Herrian”

Ainara Argoitia 2024ko mar. 8a, 15:56

'Zergatik eta zertarako euskaldun?' egitasmoaren barruan euskararen egungo egoerari buruzko hitzaldia eman zuen joan zen eguaztenean Iñaki Iurrebaso Biteri soziologo eta UEMAko ikerketa teknikariak (Legazpi, 1967) Elgoibarren, Aita Agirre kulturgunean (ikus hitzaldia bideoan). Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak antolatu zuten hitzaldia, elkarlanean, eta tesi-lanean jaso duenaren laburpena egin zuen Iurrebasok areto bete jenderen aurrean. 'Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek?' izenburua eman zion hitzaldiari.

Orain arteko uste orokor bat okerra dela esatera zatoz. Euskararen ezagutzan indartsu geundela uste genuen, baina erabileran ahul. Zuk, aldiz, dagoen hizkuntza-gaitasunerako euskara asko egiten dela diozu. Nola azaltzen duzu hori?
Niri alderantziz ateratzen zait, bai. Hizkuntza gaitasuna da erabileraren zorua eta erabilera da hizkuntza gaitasunaren motorra, eta bi kontu horiek aintzat hartuta iritsi naiz ondorio horretara. Gaitasun datuei erreparatzen badiegu, daukagun errealitatea da hamar hiztunetatik zazpi erdaldun elebakarrak direla; alegia, ez dakitela euskaraz, eta aldiz, euskaldun elebakarrak, euskara besterik ez dakitenak, osooso gutxi direla. Gurea, beraz, ez da elebitasun parekatua inondik inora, eta horrek nabarmen eragiten du hizkuntza bat edo bestea erabiltzeko dauden aukeretan. Gainera, elebidunak garenon artean ere, gehiago dira erdaraz errazago egiten dutenak euskaraz errazago egiten dugunak baino. 16 urtez gorakoetan, euskaraz errazago egiten dutenak %8 dira, eta aldiz, erdaraz hobeto moldatzen direnak %83,4. Hori dena kontuan hartuta, daukagun erabilera-maila txukuna da, euskaldun askok beren egunerokoan ezin izaten dutelako euskara erabili, beraien mintzakideek ez dakitelako, eta erabiltzeko aukera daukatenean ere, sarri erdarara jotzen dutelako, errazago moldatzen direlako erdaraz euskaraz baino.

Nola azaldu behar dugu erabilera gaitasunaren gainetik egotea? Zein da gure indargune nagusia?
Horren azalpen bakarra da jendearen sail handi batek baduela nahia euskarak bizirik jarraitzeko eta eroso zaiona baino gehiago erabiltzen duela euskara. Hau da, euskaldunak lotura afektiboa duela euskararekin. Hiru aldagai klasikoak kontuan hartuta (gaitasuna, erabilera eta motibazioa edo jarrera), indartsuen alor subjektiboan gaude, ametsean, euskaldun izan nahi horretan. Hori dena, jakina, brotxa lodiarekin marraztuta irudia, hor ere ñabardura asko egin beharko genituzkeelako. Baina bai, motibazioa da gure indargunea, aurrera egitea ahalbidetzen digun aukera bakarra; kontrara balitz (gaitasunean ondo eta erabileran okerrago), heriotzara kondenatua egongo litzatekeelako euskara.

'Kontuz ikuspegi ezkorra zabaltzearekin', ohartarazi zigun behin Joxe Mari Agirretxe 'Porrotxek' agerkari honetan bertan. Datuen irakurketan dago hemen ere aldea. Aitortu izan duzu demolinguistikak euskarari laguntzeko egin izan dituela irakurketa batzuk. Zer garela esateko?
Horrekin adierazi nahi dudana da demolinguistika bakoitzak baduela bere tradizioa eta gurea euskararen alde zegoen jendeak sortu zuela 80ko hamarkadan. Beste leku askotan ez da hala izan, hizkuntza gutxitua oraindik eta gehiago zapaltzeko erabili izan dutelako sarri demolinguistika. Nire interpretazioa da gurean demolinguistika sortu zutenek nahi izan zutela erakustea batzuk-batzuk baginela eta horrek eraman zituela kategoriak modu jakin batean lantzera, hemen landu izan den kategorizazio hori ez baita orokorra. Gureak oso ondo erakusten gaitu argazkian.

Orain arteko ikuspegiak, hein batean, hizkuntza indarberritzeko aukerak txikiak zirela pentsatzeko bidea ematen zuen. Zureak, berriz, gure komunitatean konfiantza izan dezakegula. Zer ondorio ditu zure ikuskerak hizkuntzaren indarberritzeari begira?
Alde batetik, nire ikuskera honek erakusten du hizkuntza oso ahul eta zaurgarri daukagula egitateetan, seguraski orain arteko argazkiak erakusten zuena baino ahulago. Lehen ikusten ez zen ahultasuna ere erakusten du gaitasunean, bai eta hizkuntz bilakaeraren gaian ere, hau da norbere bizialdian hizkuntzaohituretan izaten ditugun jokaeretan, Euskal Herrian indartsuagoa baita erdalduntzea euskalduntzea baino. Baina, era berean, indartsuago ikusten ditugu alderdi batzuk eta alderdi horiek funtsezkoak dira hizkuntzak aurrera egin dezan. Eta hor, batetik aipatu beharko genuke transmisioaren gaia, daukagun egoera orokorrerako transmisioan nahiko ondo funtzionatzen duelako gure komunitateak, eta baita ere, ametsaren alderdian. Bi alderdi horiek dira, seguraski, hizkuntza komunitate gehienek ahul dauzkatenak. Galtzen ari diren hizkuntza guztien arazo argi bat hori da: hizkuntzarekiko kontsiderazioa oso ahulduta dutela eta ez dutela guk besteko grinarik eta indarrik belaunaldi berriei hizkuntza transmititzeko.

16 urtez gorakoetan euskaraz errazago egiten dutela diotenak %8 dira, eta aldiz, erderaz errazago moldatzen direla diotenak, %83,4. Nola egin beharko genuke euskaraz erderaz baino hobeto moldatzen den jende-kopurua handitzeko?
Nire lana gehiago izan da egoeraren azterketa egitea aurrera egiteko proposamenak lantzea baino, baina iruditzen zait garrantzitsua dela, lehenengo eta behin, gaiaren garrantziaz jabetzea. Orain arte, gaitasunaz ari ginenean, asko fijatzen ginen hitz egiteko gutxieneko gaitasun bat zutenen kopuruaren bilakaeran, eta horretan aurreratu dugu. Multzo hori handitzen jarraitzea oso garrantzitsua da, baina funtsezkoa da euskaraz errazago egiten dutenen multzoa handitzea. Horretarako alor guztietan eragin behar dugu, familiatik bertatik hasita. Ez dakit nik behar adinako arreta jartzen zaion semealabei eta inguruko umeei euskaraz ahalik eta aberatsen egiteari; euskara biziarekiko esposizioa ahalik eta zabalen izan dezaten egin behar dugu. Ez dakit guraso euskaldun eta euskaltzaleek horren txipa argi daukaten. Komeniko litzateke euskalkia ondo erakustea, eta berdin hitanoa ere, gurasoek jakinez gero. Ahalegin hori egin behar da etxetik bertatik, eta baita eskolatik ere, ahozkotasuna orain arte landu izan dena baino gehiago landuz. Komunikabideetan ere hutsune handia daukagu. Umeentzako eta gazteentzako euskarazko programa askoz gehiago beharko genituzke, hizkuntza bizi eta erakargarria landuko dutenak. Alderdi guztietan landu beharko litzateke gehiago hori. Eta oso garrantzitsua da, era berean, hiztun gaituen fabrika nagusiak izan diren arnasguneei eustea, hiztun gaituak, gehienbat, ingurune trinkoetan sortzen direlako.

Non bizi da euskaldunen kopuru handiena? Zer ondorio ditu horrek?
Hamar hiztunetatik bederatzi erdara nagusi den udalerrietan bizi dira, eta horren ondorioa da zaila dela testuinguru horietan euskaldun bizitzea, euskalduntasuna garatu ahal izatea eta ondorengoei euskara transmititzea. Beraz, testuinguruak eta berezko joerak erdalduntzera behartzen ditu euskaldun gehienak Euskal Herrian.

Zeuri entzundako bi datu: batetik, erdaraz hobeto egiten duten milaka lagunek ere euskara transmititzen dietela beren seme-alabei, eta bestetik, garai guztietan gehiago izan direla euskara transmititu duten euskaldunak, transmisioa eten dutenak baino. Zerk eusten dio euskarari dagoen mailan? 
Oraindik baditugula ingurune osasuntsuak hizkuntzarentzat eta zonalde erdaldunetan badagoela euskaraz bizi nahi bat. Gure errealitatean daukagun gauza positibo bat da erdaraz errazago egiten duten euskaldunek erosoa zaiena baino euskara gehiago erabiltzen dutela, eta gainera, zenbait kasutan, estrategikoki egiten dutela hautu hori, adibidez seme-alabekin. Adibide bera jartzen dut beti: parke batean beren seme-alabekin euskaraz ari direnak eta haien artean erdaraz. Portaera hori askotan begi txarrez ikusi izan dugu euskaltzaleok. Uste izan dugu ez direla behar beste euskaltzaleak edo behar beste koherenteak hori egiten dutenak edo hori ez dela ume horiek euskaldun hazteko portaera egokiena. Eta egia izanda ere horrela ari diren gurasoek egiten duten hizkuntzaren transmisioa ez dela beren artean euskaraz egingo bazuten izango zena bezain arrakastatsua, iruditzen zait baloratu beharrekoa dela egiten duten fase hori gelditu dela eta jada ez gaudela indarberritze aroan, baizik eta geldotze aroan.

Zenbateraino gara kontziente euskaldunok euskara izugarri minorizatua dagoen hizkuntza denaz?
Ez dut uste oso kontziente garenik. Gertatzen zaiguna da batzuk oso eremu euskaldunetan bizi garela eta ez garela konturatzen oso minoritarioak direla gu bizi garen bezalako inguruak, eta inguru erdaldunagoetan bizi den euskaldun
euskaltzaleak ere normalean bilatzen duela bere mikro mundua, neurri batean euskaldun bizitzeko aukerak ematen dizkiona. Eta eskerrak mundu hori baden, baina hein berean, mikro mundu horretan bizitzeak askotan ez digu uzten ikusten ingurua oso erdaldundua dagoela Euskal Herrian.

Etsigarri ere gertatzen da askotan eginahalak egin arren hobera egiten ez dela ikustea. Uste duzu badugula indarrik egoera iraultzeko?

Bi kontu daude hemen. Batetik, oinak lurrean eduki behar dira. Nik uste dut mesedegarria dela gure komunitatearentzat jakitea gure hizkuntzaren egoera ez dela ona, daukagun egoera honetan sendo lan egiten ez badugu berezko joerak euskara galtzera eramango gaituelako. Baina, hein berean, garrantzitsua da ikustea herri sendoa garela eta azkeneko 60 urtean gure herriak egin duena oso toki gutxitan lortu dutela. Beraz, konfiantza izan behar dugu geure buruetan. Datuek ez dute erakusten indarberritze joera argi bat dagoenik, baina ez dago ezta ere galera joera erabateko argirik. Eta hori horrela da egiten ari garen lan guztiagatik. Ba al dugun indarrik egoera iraultzeko? Ez dakit. Hori urte batzuk barru ikusi beharko dugu, baina esango nuke baietz, denok horretara jartzen baldin bagara behintzat.

Euskararen biziberritzean, Jon Sarasuak zioen Aizkorrira iritsiko ginelakoan irten ginela Arantzazutik, baina Urbian lainoak harrapatuta gaituela. Kike Amonarrizek, berriz, bidegurutzean ikusten zuen euskara, baina baliatu beharreko aldeko haizeak ere sumatzen zituen. Olatu berri baten beharra dugula esan diguzu zuk. Nola artikulatzen da hori? 
Neuk ere ez dakit. Gure bizi-konstanteak zeintzuk diren ikusita eta euskaltzaleon aldartea ikusita zerbait piztu beharra dagoela iruditzen zait, eta XX. mendean izan ditugun bi olatuek eman dutena ezagututa, hirugarren olatuaren bila joan behar garela, nahiz eta esatea errazagoa den egitea baino. Horretara jarri beharko ginateke ahalik eta euskaltzale gehien, eta denon artean asmatu bideak.

Lurralde nagusitasunaz ari zinela zirkulu erdi batera ekarri dituzu gure bi herriak. Zer egoera bizi du euskarak Elgoibarren eta Mendaron? Zein da azken urteetako joera bi herriotan?
Euskararen etxeko erabilera-maila kontuan hartuta egindakoa da grafiko hori. Eta etxeko erabilera hori honela kalkulatzen dugu: euskaraz egiten dutenen %a eta bietara egiten dutenen %aren erdia gehituta. Horren arabera eta 2021eko zentsuko datuak kontuan hartuta, Elgoibarren etxeko erabilera %37n dago gaur egun, 1991n baino zazpi puntu apalago, orduan %44an zegoelako. Mendaron zertxobait gorago dago, %46an, baina han ere jaitsi egin da 1991. urtetik, orduan %68an zegoelako. Bietan egon da, beraz, euskara indartsuago. Bi hizkuntzen nagusitasun argirik gabeko udalerrien zatian dago gaur Mendaron, bi hizkuntzen erabileramaila berdintsua delako. Bi indarrak parekoak dira Mendaron, eta beraz, sortzen diren prozesuak ez dira ez euskalduntzearen aldekoak, eta ezta erdalduntzearen aldekoak ere. Elgoibar, berriz, erdararen nagusitasuna erabatekoa ez den udalerriekin batera dago, koska bat beherago. Elgoibar, beraz, sartu da erdararen aldeko indarrak euskararen aldekoak baino indartsuagoak direnen eremuan, nahiz eta desoreka hori, jakina, ez den Bilbo baten dutenaren neurrikoa.

 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Barren Aldizkaria (@barrenaldizkaria)