650.000 euroko inbertsioa Olaizaga kiroldegiko eraikina berritzeko

Barren 2024ko mar. 6a, 14:12

Olaizaga kiroldegiko igerileku zaharrenak dauden eraikina da konponduko dutena. BARREN

Olaizaga kiroldegiko igerileku zaharrak dauden eraikinaren zati bat zaharberritzeko lanak egingo dituztela jakinarazi du Elgoibarko Udalak.

Obrak egiteko aurrekontua 650.000 eurokoa da (BEZik gabe), eta udal-arkitekto teknikoak identifikatu dituen egiturazko, klimatizazioko eta ur-tratamenduko arazoak konpondu nahi dituzte zaharberritzearekin. Eraikinak 30 urte ditu, eta Udaletik zehaztu dutenez, oinarrizko mantentze-lanak bakarrik egin dituzte urteotan. Eraikinak dituen arazoei konponbide sakonagoa eman nahi diote orain.

Azpiegitura hobetzeko eta eraginkortasun-, irisgarritasun- eta osasungarritasun-premia berrietara egokitzeko proiektu hau herritarren artean bizimodu osasungarri eta aktiboa sustatzeko ahalegin zabalago baten barruan kokatzen dela adierazi dute udal arduradunek.


Proiektua idazteko lizitazioa

Obra proiektuaren lehen zatian, proiektua idazteko zerbitzua eta zuzendaritza fakultatiboa kontratatzeko lizitazioa atera dute, 56.000 euroko aurrekontuarekin, BEZik gabe. Prozesu hori prozedura ireki baten bidez esleituko dute, eta jasotzen dituzten eskaintzak "kalitatea-prezioa" eta beste irizpide batzuk kontuan hartuta aztertuko dituzte, "betiere gardentasuna eta ekitatea bermatuz". Proiektua idazteko kontratuaren iraupena hiru hilabetekoa da.
Esleipen-prozedurari buruzko informazio guztia eta lizitazio-prozesuari buruzko xehetasunak Elgoibarko Udalaren kontratatzailearen profilean kontsulta daitezke. Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 19an amaituko da.