Zortzi lasterketak osatuko dute Espainiako Cofidis Kopa, eta, besteak beste, Valentzia, Murtzia, Galizia edo Leonen jokatu beharko ditu lasterketak Aroa Saezek. Packaging taldeko neskek domekan jokatu zuten txapelketarako lehen proba puntuagarria, Nojan. Bergarako Lokatza Ziklismo Eskolak kudeatzen duen taldeak kadete, jubenil eta open mailetan izan zituen ordezkariak Villa de Noja lasterketaren 7. ekitaldian.
Kadete mailakoak 33 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren, eta Izar Ezkibel 69., Aroa Saez 75., Ziortza Heredia 88. eta Maddi Oleaga 101. sailkatu ziren, hurrez hurren, ia 160 parte hartzaile izan zituen lasterketan.
Open mailako lasterketan Valladolideko txirrindulari Isabel Martín (Eneicat-CMTeam-RBH Global) izan zen azkarrena eta Itxaso Plaza arrasatearra izan zen Igamo taldeko ordezkaria. 85. postuan sailkatu zen.
Txirrindulariak baldintza gogorretan lehiatu ziren Nojan, hotz handiaz gainera euri jasa mardulei eta urak hartutako errepideei aurre egin behar izan zietelako, beheko irudian ikus daitekeen moduan.
Kopako hurrengo lasterketa etxetik gertu jokatuko dute Igamokoek, Igartza Sari Nagusia izango baita bigarren proba puntuagarria. Beasainen izango da, martxoaren 17an.