Izatez martxoaren 1a da Aingeru Guardakoaren eguna, eta ohi legez, meza eman zuten egun horretan Plazako ermitan, baina ospakizun handia atzo egin zuten. Hitzaren liturgia irakurriz hasi zuten eguna, Aingeru Guardako ermitan, eta hori bera bada aipatzekoa, estreinakoz hiru emakumek hartu zutelako horren ardura.
Elizakoak eginda, autopista azpira mugitu ziren denak. Aimar Sorazu eta Aitor Urbieta aritu ziren bertsotan eta Igor Reyk eta Maite Olazabalek jarri zuten trikiti giroa. Txosna ere jarri zuten jai batzordekoek, eta jaiaren amaieran pozik ziren jarritako jenero guztia saldu zutelako. Julen Cañamares eta Aratz Mugertza kirolarien arteko lehian, berriz, Cañamares nagusitu zen, bai aizkoran eta baita korrika ere, eta jai batzordekoek zozkatu zuten otarra Ramon Lazkanorentzako izan zen.