“Eso no es sexo. ¡Otra educación sexual es urgente!” liburua aurkeztuko du Marina Marroquik Elgoibarren

Barren 2024ko mar. 3a, 16:20

Genero indarkeriaren aurkako borrokan aditua eta erreferentea da Marina Marroqui gizarte hezitzailea. Gai honen inguruan idatzi duen liburua aurkeztera etorriko da Elgobarrera, martxoaren 5ean. Gainera, ikasleentzako hitzaldi bat ere emango du

“Eso no es sexo. ¡Otra educación sexual es urgente!” izenburua duen liburua aurkeztuko du Marina Marroquik Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako auditoriumean, martxoaren 5ean, 18:00etatik aurrera. Debalde izango da Elgoibarko Udalak eta Lilak antolatu duten saioa.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, liburua aurkezteaz gainera, hausnarketarako gaiak ere landuko dituzte, besteak beste, honako galderak egin eta erantzuten saiatuko dira: Nola eragiten digu pornoaren kontsumo masiboak? Gizonen eta emakumeen zer estereotipo agertzen dira bertan? Zer gustatzen zaizu benetan? Nola goza dezakezu sexuaz libreki, pornoak erakusten duena baino haratago?. Marina Marroquiren esanetan, "segurua, askea eta desiratua bada, bai, sexua da. Bestela, hori ez da sexua. Pornoak erakutsi nahi dizuna da".
Azken urteotan, Marina Marroquí (Elx, Valentziar Herrialdea, 1988) gizarte-hezitzailea genero-berdintasunaren aldeko aktibista garrantzitsuenetako bat izan da espainiar estatuan. "Institutuetan ematen dituen ehunka tailerretan agerian utzi du inork ez bezala konektatzen duela nerabeekin. Hala, atzeman du, egun, oso premiazkoa dela pornoari irabaztea gure gazteen sexu-hezkuntzaren aldeko borrokan; izan ere, gero eta gazteagoak dira bideoak eta bestelako eduki pornografikoak masiboki, doan eta inolako iragazkirik gabe eskuratzen dituztenak. Marinak modu dibertigarrian, hurbilean baina zorrotzean azaltzen ditu pornoaren kontakizuna onartzeko tranpak", azaldu dute antolatzaileek. EITBn eman zuten “Generación porno” dokumentalean ere hartu zuen parte Marroquik, aditu gsa. Dokumentalak nerabeen eta sexuaren arteko egungo harremana erakusten du, filtrorik gabe eta lehen pertsonan; eta hautsak harrotu ditu. 


Gazteentzako saioa

Marina Marroquík “Eso no es Sexo” hitzaldia emango die martitzen goizean DBH2 eta 3. mailetako 350 bat ikasleri, Elgoibarko Herriko Antzokian. Gazteen artean ematen den "sexualitate kaltegarri eta bortitzaren" normalizazioaren gainean jardungo du, sexu-heziketarik ezaren eta iturri kaltegarrien ondorioak, adituaen ustez. Marroquik emango duen solasaldiaren helburua bikoitza dela azaldu dute antolatzaileek, batetik, nerabezaroan sexu-indarkeria atzematen ikasteko; eta, bestetik, sexu-indarkeriari aurre hartzeko erremintak eskaintzea. 

 

Marina Maroqui (irudiaren erdian), Maje Amorós kazetariarekin eta Elena Benítez Cerezo psikiatrarekin batera 'Eso no es sexo. ¡Otra educación sexual es urgente!" liburuaren aurkezpenean, Elxen, egilearen jaioterrian. Argazkia: Crossbooks.