Karta jokoak eta sexologia tailerra antolatu ditu Elgoibarko Jubilatuen Biltokiak datorren asterako

Barren 2024ko mar. 1a, 15:21

Elgoibarko Jubilatuen Biltokiak mus eta tute txapelketak antolatu ditu datorren asterako, eta baita helduentzako sexologia tailerra ere. 

Karta jokoei dagokionez, Debabarreneko jubilatuen arteko txapelketa izango da. Astelehenean mus txapelketa jokatuko dute, eta eguaztenean, berriz, tute txapelketa. Bi lehiaketak 16:00etan hasiko dira. Gaur (martxoak 2) da izena emateko azken eguna. Bulegoko postontzian ere laga daiteke izen ematea, honako datuekin: izen-abizenak, NANa, bazkide-zenbakia eta telefono zenbaki bat. Bikote irabazleak eskualdeko txapelketa jokatzeko sailkatuko dira.

Helduentzako sexologia tailerra

Horrez gain, helduentzako sexologia tailerra ere emango dute datorren astean. Eguenean izango da, martxoaren 7an, eta Libe Osa Arzuaga erizain eta sexologoak gidatuko du saioa. Jubilatuen Biltokian bertan izango da, 17:00etatik aurrera.
Libe Osaren berbetan, adinekoen sexualitatea alde batera utzi edo estigmatizatu izan den arren, sexualitateak bizitza osoan "berebiziko garrantzia" du. Ondorioz, zahartzaroan sexualitatea lantzea garrantzitsua dela dio, hainbat arrazoiengatik. "Aldaketa asko gertatzen diren adinean, norberaren sexualitatea ulertzen laguntzen duelako. Norberaren sexualitatea onartzera eramaten gaituelako. Behin ulertuta eta onartuta, hau kudeatzeko gaitasunak eskaintzen dituelako". Hiru ardatz izango ditu Elgoibarren gidatuko duen saioak:

  1. Sexua ardatz: Sexua ardatz izango duen espaziobat sortzea, sexuari balioa eman etanorberaren sexualitatea ulertu, onartu eta kudeatzeko.
  2. Plazenteroak izateko gaitasuna: Plazenteroak izatea gaitasun batizanik, hau garatzeko espazioa sortzea.
  3. Elkarrizketa espazioa: Sexualitateari buruz berba egiteko eta entzuteko, elkarrizketa bultzatzea.

Libe Osa Arzuaga erizain eta sexologoak emango du helduentzako sexologia tailerra.