M-8 2024

Ahizpatasunaren haizea

Ainara Argoitia. 2024ko mar. 1a, 18:02

Elgoibarren, Emakume* Feministen Asanblada taldea sortu dute. Kideetako batzuek Aita Agirreko arkupeetan. Arg: BARREN

Emakumeen Nazioarteko Eguna da Martxoaren 8a, borrokarako, aldarrikapenerako eta mobilizaziorako eguna. Elgoibarren, Emakume* Feministen Asanblada taldea sortu dute egun horren harira, ikuspegi feministarekin lanean ari diren eragile eta norbanako ezberdinak batuta.

Elgoibarko ahalik eta emakume gehien batu eta Martxoaren 8rako egitaraua lotzeko sortu dute taldea, bai eta aurrera begira emakumeen arteko elkartasun loturak sendotzeko ere.

Izaera feministako lantalde ezberdinak daude Elgoibarren, eta haien elkar-hartzetik sortu da Emakume* Feministen Asanblada, Elgoibarko askotariko emakumeak elkartu eta martxoaren 8ko egitaraua elkarrekin antolatzeko asmoz. Amatasun Feministak taldetik eta azaroaren 30eko greba batzordetik sortu zen martxoaren 8rako indarrak batzeko gogoa, eta esan daiteke, hein batean, azaroaren 30eko greba bera izan zuela abiapuntua. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu zuen greba hura, zaintzarako eskubide kolektiboren alde egin eta erakundeei zaintza-sistema publiko eta komunitario bat martxan jartzea eskatzeko, eta Elgoibarren, Narrutsik talde feministatik egin zuten lantaldea sortzeko deia. Ordurako, Amatasun Feministak taldea ere sortua zen Elgoibarren. Izen-abizenez sinatuta ama batek whatsappez zabaldutako mezua izan zen talde hura sortzeko hazia, eta egun gutxiren buruan, amatasunari lotutako esperientziak eta bizipen ezberdinei buruz hitz egiteko prest zeuden hogei bat lagun baziren taldean; kontsolamendua, babesa eta iraultzarako espazioa zein konplizeak bilatzen zituztenak, aterkipe hartara batuta. Bi talde horietako kideek eta zenbait norbanakok mezuak trukatu zituzten, eta lehenengo bilera egun bat lotu zuten, Martxoaren 8az hitz egiteko. Adostu zuten egun aproposa zela Martxoaren 8a Elgoibarko ahalik eta emakume gehienak batu eta elkarrekin zerbait egiteko, eta erronka hori hartuta, beste bilera bat egiteko gelditu ziren. Bilera hartarako, baina, herriko beste eragile batzuei ere egin zieten propio gonbidapena, eta hala gehitu ziren Haizea Emakume Taldekoak, Uluka batukada taldekoak, Lilako Berdintasun Kontseiluko kide batzuk, Elgoibarko LGTBIQ+ taldekoak eta beste zenbait norbanako. Taldea hazten joan da, baina atea zabalik mantentzen dute emakume gehiago hartzeko.


Martxoaren 8rako egitaraua

Hogeita zazpi bat lagun elkartu ziren bigarren bilera hartan eta aukeratu zuten taldearentzako izena, sortu zuten whatssapp taldea eta adostu zuten egitaraua. Egitaraua lotzeari atzekoz aurrera ekin zioten, Martxoaren 8an egingo zutena eginda ere, bukatu afari-mokadu batekin bukatu behar zela erabakia baitzuten; "Poteoa eta afari-mokadua ezinbestekoak ziren", azaroaren 30ean Maalan egin zuten tertulian sortu zen giroa aberasgarria iruditu zitzaielako han parte hartu zuten guztiei, gai askotarikoez hitz egin ahal izan zutelako, bai eta belaunaldi ezberdinen arteko lagunen artean ahizpatasuna lantzeko balio izan zuelako ere. Kultur kafean egingo dute afaria, eta martxoaren 1a arteko epea jarri dute izena emateko. Interesa dutenek 10 euro ordaindu beharko dute eta Kultur Kafean, Pitxintxun edo Internetez eman beharko dute izena (https://forms.gle/DD2vRLm9zHfK18VHA). Baina Martxoaren 8a borroka eta aldarrikapenerako eguna da, eta ohi legez, manifestazioa ere egingo dute. Lehenengo bilera hartan bertan eskatu zuten horretarako baimena, eta ondorengoan adostu zuten 19:00etan egin ordez 20:00etan egingo zutela, hartara mobilizazioetan parte hartzea zaila izaten duten dendariei ere batzeko aukera emateko

Martxoaren 8rako azken kontu batzuk lotzeko, astelehenean berriro elkartzeko konpromisoa hartu dute. Lilan egingo dute batzar hori, 17:30ean, eta parte hartzera deitu dituzte emakume* guztiak. Eta aurrera begira ere, elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea agertu dute. Nahi lukete Elgoibarko emakumeen arteko elkartasun loturak sendotzen jarraitu, sinistuta daudelako borroka feminista dela emakumea askatzeko bidea. Momentuan, espazioa sortu dute, ikuspegi feminista batetik lanean jardun diren emakumeei aitortza egiteko, bai eta asmo horrekin lan egin nahi duten konplize guztiei iraultzarako espazio bat emateko ere. Zer egin eta nola taldean adostuko dute.