Egaña aita-semeak gailendu dira Elgoibarko Ehiza Xehe Txapelketan

Barren 2024ko ots. 28a, 11:52

Jose Mari Egaña eta Arkaitz Egaña Zanbranan, Elgoibarko Ehiza Xehe Txapelketako sari banaketan.

Jose Mari eta Arkaitz Egaña aita-semeen burura joan ziren Elgoibarko Ehiza Xehe Txapelketan jokoan zeuden txapelak, seniorretako txapela Arkaitzen burura eta beteranoetakoa Jose Marirerenera.

Ohi moduan Arabako Zambrana herrian dagoen El Castillo ehiza barrutian jokatu zuten La Union Ehiza eta Arrantzu Elkarteak antolatzen duen Elgoibarko Ehiza Xehe Txapelketa. Senior mailan lehia estua eduki zuten Arkaitz Egañak eta Carlos Condek, eta zazpi eper aurkeztu zituzten biek ehizaldiaren amaieran. Lehenago aurkeztu zituenez Arkaitz Egañarentzat izan zen garaipena eta Conderentzat bigarren postua. Honen anaia David sailkatu zen hirugarren postuan, lau eper ehizatuta. Ivan Bellorentzat izan zen laugarren postua, hiru eperrekin. Lau ehiztariok izango dira Elgoibarko ordezkariak Debabarrenako Ehiza Xehe Txapelketan. 


Beteranoen kategorian ere estua izan zen Jose Mari Egañak eta Ramon Alberdik eduki zuten lehia, hiruna eper ehizatu baizituzten. Egañarentzat izan zen lehen postua eta Alberdirentzat bigarrengoa. Manuel Novak osatu zuen podiuma, eper batekin. Egaña eta Alberdi izango dira La Union elkarteko ordezkariak eskualdeko txapelketan.