Eraikinean bertan egin duten prentsaurreko agerraldian eman dute gai honen inguruan duten iritzia EH Bilduko zinegotziek; Aitziber Aranberri bozeramaileak eta Lurralde batzordean parte hartu duten Jorge Hernando eta Jose Luis Mulas zinegotziek.
Elgoibarko Udal Gobernuak erakina botatzeko erabakia hartua duela uste dute, eta erabaki hori "hobeto saltzeko" ahaleginean ari direla orain . "Udalak egindako azken adierazpenen aurrean, ondorioztatu behar dugu, tamalez, Pedro Muguruzako eskolekin zer egin erabakitzeko jarraitu beharreko prozedurari buruzko jarrera aldaketa bat zirudiena, aldez aurretik hartutako erabaki bat hobeto saltzeko ahalegina besterik ez dela. Hartutako erabakia apaintzeko estrategia", adierazi du Aranberrik. Gogora ekarri du erakina eraisteko diru partida bat jasoa zegoela 2023ko aurrekontuetan, baina kendu egin dutela 2024ko aurrekontuetatik. "Jarrera aldaketa horrekin bat etor zitekeen erabakia zela pentsarazi zigun arren, ez da horrelakorik".
Gai honen inguruan koalizioan duten iritzia sarritan plazaratu dutela azaldu du Aranberrik. Euren ustez bi printzipiotan oinarritu behar da eraikinaren etorkizunaten gaineko erabakia: herritarren parte-hartzean eta erabaki arduratsu bat hartzeko beharrezkoa den informazio guztia eskura izatean. "Zentzuzkoak diren bi eskaera horiei erantzun nahian, kontakizun bat erakiki du Udal Gobernuak, baina modu behartuan, anakronikoan eta partzialean".
Udalak irekitako parte-hartze prozesua eraikina eraisteko aldez aurretik hartuta duten erabakia berresteko modu bat dela diote koalizioko kideek. "Eskola eraisteak sortutako espazio libre berriekin zer egin behar den galderaren inguruan antolatu zuten parte hartze prozesua. Beraz, ez gaude alternatiba desberdinen aukera eta bideragarritasuna aztertzera bideratutako prozesu baten aurrean. Egiten den galdera, eta nola galdetzen den adierazgarria da kasu honetan".
Parte hartze prozesu ireki eta demokratiko batek gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituela-eta, Udalarenak ez zituela betetzen diote, "parte hartzeko gonbidatu egin behar zintuztelako eta ez zutelako deialdi publikorik egin".
Informazio teknikoaren ingurukoak
Elgoibarko Udalak eraikinaren egoera ezagutzeko egin duen txosten tekniko integrala aurrez eginiko txosten tekniko partzialen bilduma bat baino ez dela azaldu dute EH Bilduko zinegotziek. "Txosten horiei sinadurarik gabeko txosten bat gehitu diote, aipaturiko txostenei erreferentzia egiten diena, eta, besteak beste, esplizituki onartzen du ez dagoela sotoaz gain eraikina ere barne hartzen duen txosten tekniko integralik eginda". Hori horrela, eraikina mantentzea planteatuko balitz, egituraren azterketa eraikin osora zabaldu beharko litzatekeela zehaztu dute.
EH Bilduren proposamena
Parte-hartze prozesu bat abian jartzeko beharra ikusten jarraitzen du EH Bilduk, betiere egon litezkeen aukera desberdinen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa baloratzeko beharrezkoa den "informazioaren eskuragarritasuna bermatuz". Proposamen zehatz bat dute: Udalak 2024an onartutako Elgoibarko Herritarren Partaidetzarako Araudian oinarritutako partaidetza-prozesua martxan jartzea. Eta, bi fase edo epetan egitea planteatzen dute. Lehenengoan, alternatiba ezberdinak aztertzeko prozesu baten ostean, atxikimendu handiena jasoko duten bizpahiru proiektu hautatzea proposatzen dute, "beharrezko txosten teknikoetan eta bideragarritasun-azterlanetan oinarrituta". Zehaztu dutenez, interesa duten herritar guztiek parte hartu ahal izango lukete, norbanako gisa edota antolatutako edozein taldetako kide modura. Ordezkari politikoek herritar lez parte hartu ahalko luketela gaineratu dute. Hortaz, gaiarekin lotura duten pertsona eta erakundeentzako gonbidapen zehatzez gainera, herritar guztien parte-hartzea bermatzek deialdi orokor bat egingo litzatekeela azaldu dute.
Prozesuaren bigarren zatian, Udalak herri-galdeketa egitea proposatzen dute, lehen fasean hautatutako bi edo hiru aukeretatik zein gauzatu erabakitzeko. "Argi dago hautesle erroldan inskribatutako herritar guztiek kontsultatuak izateko eskubidea izango dutela, eta Udalak emaitza errespetatu beharko luke".