Horrela, Nik Patrika Digitala aplikazioari esker, ez da beharrezkoa poltsikoko txartela gainean eramatea, eta zorro digitalean deskargatutako txartela agertzen den mugikorraren pantaila erakustea nahikoa da.
Gipuzkoan, Elgoibarko Udala Donostiari eta Legazpiri batu zaie NIK Patrika Digitala aplikazioaren ezarpenean. Honenbestez, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuko abonatuek Olaizaga kiroldegian, Mintxetako igerilekuetan eta muskulazio gelan sartu ahal izango dute, aplikazioaren bidez. Horrez gainera, padel eta tenis pistak ere erreserbatu ahal izango diruzte aplikaziotik. Era berean, Gotzon Garate Liburutegiko bazkideek NIK Patrika Digitala erabili ahal izango dute liburuak mailegatzeko.
Nola sartu txartelak aplikazioan
Udal Kirol Patronatuko abonatuek edo Udal Liburutegiko bazkideek euren txartelak aplikazioan deskargatu nahi badituzte, BakQ identifikazio elektronikoko sistema izan beharko dute. Identifikazio-sistemarik ez badute, herritarrek doan eskura dezakete Herritarren Arreta Zerbitzuan.
Zer beste erabilera ditu?
Une honetan NIK patrika digitala aplikazioak Osakidetzaren txartela, Euskadiko Liburutegi Publikoen Sareko txartelak, Familia Ugariaren Txartela, Gazte Txartela (gaur egun, 14 eta 30 urte bitarteko 300.000 pertsona baino gehiagok dute Gazte Txartela) eta zenbait udal kiroldegitako txartelak onartzen ditu, eta Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi dutenez, aplikazio honen bidez txartel berriak sartzen jarraitzeko lanean ari dira, erabilera berriak gehitzeko.
Txartel digitalak administrazioetan edo zerbitzuetan aurkez daitezke, esaterako, farmazietan osasun identifikazioko txartelekin egin ohi den moduan. Gurasoek seme-alaben osasun txartelak ere eraman ditzakete NIKen.
Azken batean, tresna digital honek aukera ematen du txartel guztiak sakelakoan modu homogeneoan eramateko, eta hortaz, edozein unetan eskura izateko. Gainera, behin deskargatuta ez da beharrezkoa interneterako konexioa izaterik.
NIK Patrika Digitala aplikazio mugikorra Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatu du, eta zehaztu dutenez, aplikazioa eta txartelaren konfigurazioa deskargatzeko zailtasunen bat duten pertsonak KZgune batera joan daitezke (239 zentro daude Euskadi osoan, ia udalerri guztietan), eta bertan instalatzeko laguntza jasoko dute aurrez aurre. Dagoeneko 160.000 deskarga baino gehiago izan ditu aplikazioak.