Udalak "positibotzat" jo du bilera, eta bileraren "izaera eraikitzailea" nabarmendu du. Udaletik lan-mahai bat eratzea proposatu dute, zonaldeko mugikortasuna hobetzeko neurriak elkarrekin aztertzeko eta adosteko, eta eskerrak eman dizkiote Altzolan Geltokia Bai plataformakoei, "beren ikuspegi proaktiboagatik eta elkarrizketarako duten jarreragatik". Diotenez, keinu horrek islatzen du bi erakundeek konpromisoa hartu dutela auzoaren mugikortasun-beharrei erantzungo dieten irtenbide eraginkor eta adostuak bilatzeko.
Geltokia Bai plataformako kideek, aldiz, bilera "etsigarria" izan zela adierazi dute, bereziki, Elgoibarko Udalak amore eman duelako Eusko Trenbide Sarearen aurrean. "2022an bi txosten tekniko bidali zituen Udalak Jaurlaritzara, eta hala ere, Eusko Trenbide Sareak bereari eutsi diola esan digute eta ez dutela inongo adierazpen instituzionalik sinatuko, Elgoibarko hiru tren geltokiak mantetzeko", azaldu dute plataformatik. Elgoibarko Udalak gai honi heltzeko gogorik ez duela salatu dute, eta ausardia falta igarri diotela gaineratu. Esan dute berriz entzun behar izan zutela bileran tren geltokia kentzearen arrazoia erabilera datuetan oinarritzen dela, eta trena Altzolan geratzen bada, ezingo dituela trenbide bikoizteak ekarriko dituen ordutegiak bete. Udalak eta ETSk trenaren alternatiba izango denaren proposamena egitea eskatu die, eta egingo dutela erantzun dute plataformako kideek. Bilera bat ere eskatuko dute 2012an Altzolako tren geltokia berritu eta irisgarriagoa egitea onartu zuen Iñaki Arriolarekin, galdetzeko ea zergatik orain ez duen orduan hartutako konpromisoa betetzen. Bilera horretara Jonan Fernandez Trantsizio Sozialeko eta Agenda 2030eko idazkari nagusia ere gonbidatu nahi dute, Agenda 2030 egitasmoaren barruan garraio jasangarria delako helburuetako bat eta eremu degradatuak berreskuratzea ere jasota dagoelako programa horren barruan. Plataformako kideek Altzolako tren geltokiaren aldeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute.